Politika -

Kataluniako kontsulta

Generalitateak akordioa lortu du CUPekin, kontsulta egiteko

CUPek, berriz, argi adierazi nahi izan du ez dela "aldebiko akordioa", Generalitateak bere baldintzak onartu dituela baizik. ERCk eta ICV-EUiAk hauteskundeak eskatu dituzte.

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaile eta Presidentzia kontseilaria. EFE
Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaile eta Presidentzia kontseilaria. EFE
Generalitateak akordioa lortu du CUPekin, kontsulta egiteko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak berreskuratutzat jo du kontsultaren aldeko kontsulta, CUPekin azaroaren 9ko erreferendum alternatiboa egiteko akordioa lortu baitu, Francesc Homs Kataluniako Gobernuko Presidentetza Kontseilari eta Gobernuaren bozeramaileak jakinarazi duenez.

Generalitatearen egoitzan egindako agerraldian, gainerako alderdiek akordioarekin bat egitea espero duela gaineratu du Homsek, eta ERC eta ICV-EUiA aipatu ditu bereziki.

Homsek azaldu duenez, Kataluniako Gobernuak organo bat sortuko du, kontsultaren garapena kontrolatzeko, eta alderdi independentistetako kideek osatuko dute.

Besteak beste, nazioarteko begiraleen parte-hartzea, Generalitateak kontsulta egiteko idatzizko konpromisoa hartzea eta aukera guztiak talde guztiekin eztabaidatzea ere hitzartu dute.

Homsek azaldu duenez, 10:50 arte, 23.870 pertsonak eman dute izena azaroaren 9an boluntario lanak egiteko. Horrenbestez, gainditu egin dute helburua (20.000 boluntario lortu nahi zituzten), baina gehiago onartzen jarraituko dute.

ANC eta Omniumek hiru hilabeteko epean plebiszitu-hauteskundeak deitzea eskatu dutela eta, bozetara deitzeko eskumena Generalitateko presidenteak baino ez duela esan du Homsek, eta Artur Masek erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar "guztiekin" hitz egiteko konpromisoa agertu duela esan du.

Ez da "aldebiko akordioa"

CUPek zehaztu du ez dela inolako "aldebiko akordio" batera iritsi Generalitatearekin azaroaren 9ko kontsultarako.

Alderdi independentistak adierazi duenez, Artur Mas buru duen Gobernuak CUPek proposatutako 11 baldintzetako zortzi onartu ditu, bat atzera bota du, eta beste bien bat-egitea proposatu du.

CUPek ohartarazi du "funtsezkoak" direla bat-egitea proposatu dituen bi baldintzak, Estatuak kontsultaren aurka beste helegite bat jarriz gero Generalitateari aldebakarreko erabakiak hartzea galaraztea dutelako helburu.

Bestalde, CUPek esan du "etengabeko elkarrizketak" egiten ari direla gainerako alderdiekin azaroaren 9ko kontsulta blindatzeko, "ERCrekin batez ere".

ERCk eta ICV-EUiAk hauteskundeak eskatu dituzte

ERCren eta ICV-EUiAren zuzendaritzek bilera egin dute arratsaldean Kataluniako Parlamentuan, eta ituna egin dute, Artur Masen Gobernuari "berehala" hauteskundeak deitu ditzan eskatzeko, CiUk azaroaren 9rako adostutako kontsultari uko egin diola iritzita.

Bilerako iturriek azaldu dutenez, Oriol Junqueras eta Marta Rovira ERCko kideak, Joan Herrera, Dolors Camats, Josep Vendrell eta Joan Mena ICV-EUiAko kideek parte hartu dute batzarrean.

Hiru iritzi adostu dituzte, eta CUPi helarazi dizkiote bat egiten ote duen jakiteko: Generalitateak uko egin dio azaroaren 9rako adostutako kontsultari, "beharrezkoa da manifestazio bateratu, jendetsu eta indartsu bat PPren Gobernuak kataluniarrei ez diela bozkatzen uzten erakusteko", eta "hauteskundeak deitu behar dira berehala" Katalunian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak bideoak CUP albisteak Kataluniako prozesua zuzenean