Politika -
Kataluniako prozesua
Gobernua A9ko erregistroa aztertzen ari da baliogabetzeko asmoz
Bestalde, Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak politikarien esku utzi du balizko zerrenda bakarra, plebiszitu-hauteskundeak deitzen badituzte.
Erredakzioa
Espainiako Gobernua Generalitatearen azaroaren 9ko bozketan parte hartu nahi dutenen erregistroa aztertzen ari da, eta ez du baztertu inpugnazioa aurkeztea, bertan behera utzitako erreferendumaren alernatibatzat joz gero, Rafael Catala Justizia ministroak esan duenez.
“Hori (erregistroa) zer den aztertzen ari gara, hauteskunde-errolda alternatiboa den, eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako kontsultarekin loturarik ote duen, eta, hala bada, inpugnazioa aurkeztuko dugu”, esan du Catalak "Los Desayunos" TVEko saioan egindako elkarrizketan.
Justizia ministroak adierazi du Gobernua Generalitatearen erabaki guztien aurrean adi egongo dela, eta legearen kontrakotzat jotzen dituen erabaki guztiak inpugnatuko dituela, orain arte egin duen bezala, zuzenbidezko estatua bermatzen jarraitzeko.
Catalaren esanetan, aurreko astean Auzitegi Konstituzionalak Gobernuari helarazi zizkion Generalitateak eta Kataluniako Parlamentuak aurkeztutako helegiteak, kontsulta bertan behera ez uztea eskatuz, Konstituzionalak Gobernuak aurkeztutako helegitea aztertzen duen bitartean.
Zerrenda bakarra
Halaber, Carme Forcadell ANC Kataluniaren Biltzar Nazionaleko presidenteak politikarien esku utzi du balizko zerrenda bakarra, plebiszitu-hauteskudeak deituz gero. Horri buruz galdetuta, Forcadellek zera erantzun du: “Ez dugu horri buruz hitz egin, politikarien esku utziko dugu, zer gertatzen den ikusteko; bestela, horren inguruan hitz egingo dugu berriro”.
TV3n egindako elkarrizketa batean, azaroaren 9aren ostean plebiszitu-hauteskudeak deitzeko eskatu dio Forcadellek Artur Mas Generalitateko presidenteari: “Guk hori egiteko konpromisoa nahi dugu, ez du jendaurrean esan behar (Masek), kontsulta egin arte”.
“Data zein den baldin badakigu, horrek parte hartzea murriztuko du, eta ez da guk nahi dugunaren adinakoa izango”, esan du ANCko presidenteak, baina, halaber, Artur Masengan konfiantza duela nabarmendu du, plebiszitu-hauteskundeak deitu egin behar direla esan baitu.