Politika -
Kontsulta
ANCk eta Omniumek A9 berria babestu eta plebiszitarioak eskatu dituzte
Aurretik izandako batasun politikoa berreskuratzeko eskatu diete Forcadellek eta Casalsek independentziaren aldeko alderdiei.
Erredakzioa
Carme Forcadell ANCko presidenteak Kataluniako Gobernuak azaroaren 9rako iragarritako bozketa babestu du, baina ohartarazita hiru hilabeteko epean hauteskunde plebiszitarioak egin beharko direla.
Forcadellek ANCk eta Omnium Culturalek Bartzelonako Katalunia plazan egindako ekitaldian egin ditu adierazpenak, 110.000 lagun baino gehiagoren aurrean. Ekitaldia azaroaren 9rako kontsultaren ordez iragarritako bozketa dela eta egin dute.
Forcadellek eta Muriel Casals Omnium Culturalek iraganean izandako batasun politikoa berreskuratzeko eskatu diete independentziaren aldeko alderdiei, baina ez dute balizko zerrenda bakarraren inguruan aipamenik egin.
ANCren presidenteak penagarritzat jo du Masek aurreko astean proposatutako kontsulta bat ez etortzea hasierakoarekin: "Ez da agindu ziguten kontsulta, aurkeztu ziguten galderarekin gertatu zen bezala, eta onartu egin genuen batasuna bermatuko zuela esan zigutelako".
Ondoren, kontsulta berria onartzeko baldintzak zehaztu ditu: "Kontsulta babestu egingo dugu, azaroaren 9ko bozketa hauteskunde plebiszitarioen lehenengo itzulia bada Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko. Hauteskunde horiek aginte demokratikoa ahalbidetu beharko digute, munduaren aurrean askatasuna berma diezaguten".
"Hauteskunde deialdia egitea eskatu diogu presidenteari. Hiru hilabeteren buruan boza eman nahi dugu", esan du ANCren presidenteak. Gainera, udaberrirako Parlamentu berriak osatuta egon behar du, independentziaren bideari ekiteko prest, diputatuen gehiengoak hala erabakitzen badu.
Forcadellen esanetan, bi erakundeek ez dute onartuko gehiago luzatzea independentziarako bidean, eta ANCk eta Omniumek azken Diadetan herritarrak mugiarazteko konpromisoa hartu duten bezala, orain alderdiek erantzun egin beharko dute, eta erabakiak hartu.
Omniumen presidenteak, bestalde, hiru ardatzetan laburbildu du Kataluniako Gobernutik espero duten erantzuna: "Alderdien eta herritarren batasuna; bozetatik aginte garbi bat ateratzea, eta independentzia, herritarren gehiengoak hala erabakitzen badu botoen bidez".