Politika -
Londres
Londresek atzera bota du Antton Troitiño Espainiaratzeko eskaria
Auzitegi Nazionalak estraditatzeko euroagindua eman zuen, preso ohia ETAren logistika alorrean sartu zela argudiatuta.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Justiziak errefusatu egin du Antton Troitiño Espainiako Estatura estraditatzea.
Auzitegi Nazionalak egin zuen eskaria, preso ohia ETAren alor logistikoan sartu zela argudiatuta. Emma Arbuthnot Westminsterreko epaileak, ordea, atzera bota du eskaria, atxilotzeko euroagindua okerra zelakoan.
Espainiako agintariek zazpi eguneko epea izango dute Londreseko Auzitegiaren erabakiaren kontrako helegitea jartzeko, eta Troitiñok baldintzapeko askatasunean jarraituko tarte horretan.
Londreseko Auzitegian egindako prozesuan, Troitiñok ukatu egin du Auzitegi Nazionalak leporatzen diona, eta defentsak argudiatu du Espainiako Gobernua jazarpena egiten ari zaiola eta ez duela Espainiako Estatuan epaiketa justurik izango.
Troitiño espainiaratzeko bigarren prozesua da hau, lehenengoak, 2012an atxilotu zutenean hasitakoak, Parot doktrina bertan behera geratu zenean ezerezean geratu ostean.