Politika -
Auzia, artxibatuta
'Egunkaria auzia'n kaltetutakoek jaso duten babesa eskertu dute
Bestalde, barkamena eskatzeko exijitu diote Espainiako Estatuari, eta ez dute baztertu auzia Estrasburgoko Auzitegira eramatea.
Erredakzioa
Egunkaria-ko langile eta zuzendari ohiek ekitaldia egin dute gaur Andoaingo Martin Ugalde parkean, eta eskerrak eman dituzte egunkariaren kontrako prozesuak iraun duen denbora guztian jasotako babesagatik.
Auzipetuak zeuden gaurko ekitaldian, eta gustura ospatu dute aurreko asteartean Gipuzkoako Auzitegiak auzi ekonomikoa behin betiko itxi izana.
Auziaren alor ekonomikoa epaitzeke geratu zen Auzitegi Nazionalak 2010ean bost auzipetu absolbitu ostean. Hasiera batean ETAko kide izatea egozten zieten Martxelo Otamendi zuzendariari eta beste lau langileri, eta horregatik itxi zuen egunkaria 2003an.
Juan Mari Torrealdai auzipetuetako bat izan da jendaurrean agiria irakurri duena. Eskerrak eman ditu Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteak emandako babesagatik, eta "justizia eta konponketa" aldarrikatu du.
Estatuaren barkamena
Horren harira, barkamena eskatzeko exijitu diote Estatuari, Egunkaria-ri egindako kalteagatik, eta ez du baztertu Estrasburgoko Auzitegira jotzea, nahiz eta zaila izango dela aitortu, arrazoi ekonomikoengatik batik bat.
Torrealdaik adierazi duenez, "egun ona" da langile ohientzat, auzia hasi eta hamaika urtera "jakingo dutelako zer den epaiketarik ez izatea zain".
Orain 'Egunkaria auzia' "memoria da", eta "irakatsi egin beharko da, bizirik mantentzeko eta berriro horrelakorik gerta ez dadin", gaineratu du.
Ekitaldian bertaratu dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Hasier Arraiz Sorturen presidentea eta Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako burua, besteak beste.