Politika -

Hauteskunde plebiszitarioak

Zerrenda bateratu bat osatzeko proposamena egin dio CDCk ERCri

ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak Artur Mas Generalitateko presidentearekin bildu dira. Azaroaren 9ko kontsulta alternatiboari begira izango duten jarrera zehaztuko dute eragileek igandean.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
CIUk zerrenda bakarra eratu nahi du hauteskunde plebiszitarioetarako

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde plebiszitario batzuei begira hautagaitza bateratua negoziatzea eskatu dio gaur CDCk ERCri. Dagoeneko UDCk aukera hori baztertu du. Hautagaitza independentistaren zerrendaburua Artur Mas presidentea izatea nahi du Convergenciak, baina momentuz ERCk ez du onartu.

Masek kontsulta alternatiboa iragarri eta bi egun geroago, “herri zerrenda” bat osatzeko eztabaidak protagonismoa bereganatu du. ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek Masen galdeketa alternatiboa errefusatu zuten, bakoitzak bere ñabardurekin. Francesc Homs (CDC) Presidentetzako kontseilariak zerrenda bateratua osatzeko eskaintza egin du. Zerrenda alderdiek eta eragile sozialek (ANC eta Omnium Cultural) osatuko lukete.

Azaroaren 9ko kontsulta egin ala ez, Espainiako Gobernuak eragotzi dezakeelako, independentzia berresteko “behin betiko” galdeketa hauteskunde plebiszitarioak izatea nahi du Masek.

Josep Rull CDCko koordinatzaile nazionalak ERCri negoziazioa eskatu dio, gizarte eragileekin batera hautagaitza bateratua osatzeko. Zentzu horretan, bere alderdia Kataluniako Asanblada Nazionalarekin (ANC) harremanetan dagoela jakitera eman du Rullek.

CiUren eta ERCren arteko urruntzea areagotu denean egin du eskaera CDCk; izan ere, Artur Masen Gobernuari egonkortasuna ematen dion akordioa arriskuan dago.

CiUren haustura

Bestalde, kontsulta alternatiboa egiteko orduan Uniok CDCrekin bat egin du, baina zerrenda bateratua baztertu du jadanik. Ondorioz, zerrenda bateratua aurrera egiten baldin badu, CiU federazioa ezinbestean hautsiko litzateke.

Hiru hilabeteko epe baten barruan Kataluniako independentzia aldarrikatzeko plebiszitua egiteko konpromisoa baldin badago, zerrenda bateratu bat aztertzeko borondatea azaldu du ANCk. Igandean batasunaren aldeko manifestazioa egingo dute.

Azaroaren 9ko kontsulta alternatiboaren aurrean izango duen jarrera igandean jakitera emango du ANCk. Hala ere, CDC eta ERC alderdiekin elkarrizketak izaten ari dira, “herri zerrenda” bat osatzeko.

Horrela, Carme Forcadell ANCko presidentea eta Muriel Casals Omnium Culturaleko buruzagia Artur Mas Generalitateko presidentearekin bildu dira arratsaldean.

Artur Masek zuzenduko lukeen zerrenda bat atsegin du CDCk, baina Kataluniako gizartearen pertsona ospetsuak zerrendaburuak izatea nahi dute ERCk eta ANCko sektore batzuek.

ICV-EUiAk eta CUPek zerrenda bateratua eta hauteskunde plebiszitarioak errefusatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Kataluniako erreferenduma gaur