Politika -

Adi-adian programa

1.000 ikaslek parte hartu dute biktimen lekukotzak entzuteko programan

Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren esanetan, ez dute "balorazio ezkor bat bera ere" jaso.

Aintzane Ezenarro, aurreko agerraldi batean.
Aintzane Ezenarro
Aintzane Ezenarro, aurreko agerraldi batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak nabarmendu duenez, 1.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute dagoeneko biktimen lekukotzak ikastetxeetan entzuteko Adi-adian programan. Programaren aurreneko balorazio baikorra egin du, honenbestez, Aintzane Ezenarro Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aholkulariak. "Ez dugu balorazio ezkor bat bera ere jaso, ez da zalantzarik sortu", erantsi du. Hori dela eta, programa "normalizatuz eta hedatuz" doala azpimarratu du, eta egunetik egunera "eskaera gehiago" jasotzen dituztela jakinarazi du.

Ezenarrok hitzaldia eskaini du gaur Donostian, EHUk giza eskubideen inguruan antolatu dituen jardunaldi batzuetan, eta bertan egin ditu adierazpenok.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Planaren baitan dagoen Adi-adian programak orain arte izan duen harreraren nondik norakoak argitu ditu Ezenarrok hitzaldian.

Horren arabera, "ez dugu balorazio ezkor bat bera ere jaso; ez da zalantzarik sortu eta 1.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte". Adi-adian programa probatu duten ikastetxeek "oso balorazio positiboa" egin dute, eta ikasleek "eskertu dute kutsu politikorik gabeko giza testigantzak entzutea".

Arrakastaren gakoa programa "eztabaida politiko eta mediatikotik atera eta hezkuntza alorrera" mugatzean datza, Ezenarroren hitzetan; "horrela egin dugunean hasi da zabaltzen", gaineratu du.

Ezenarroren esanetan, biktimak aukeratzeko orduan ez da bazterketarik egin, "arrazoi politikoak bultzatuta egindako indarkeriaren biktima mota guztiak egon dira", esan du. Gehienak gazteak dira, gainera, eta horrek ikasleekiko "hurbiltasuna" bermatu du. "Giza testigantzak eskaintzen dira, kutsu politikorik gabeak", nabarmendu  du Ezenarrok.

Adi-adian programaren aurreneko balorazio horretan haratago joango ez dela agertu du Ezenarrok hitzaldian; izan ere, "abendurako iragarrita dagoen agerraldi batean emango ditu datu guztiak" Idazkaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea