Politika -
Epsilon auzia
Legebiltzarrak baztertu egin du Epsilon auzian kargugabetzeak eskatzea
EAJk eta PSE-EEk UPyDren mozioaren aurka bozkatu dute. EH Bildu eta PP abstenitu egin dira.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Epsilon auzian erantzule politikotzat jotakoak kargugabetzea eskatzea Eusko Jaurlaritzari.
UPyDk aurkeztu du ekimena, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta EH Bildu eta PP abstenitu egin dira. EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketak ere ez dituzte onartu.
Koalizio abertzaleak UPyDk eskatutakoak baino pertsona gehiago kargugabetzea proposatu zuen, eta sozialistek kode etikoa ezartzea eskatu zion Jaurlaritzari. UPyDren mozioak, berriz, Eusko Legebiltzarrak erantzule politikotzat jotakoak kargugabetzea eskatzen zion Gasteizko Gobernuari. Besteak beste, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Ana Agirre Justizia sailburuordea daude horien artean.
Eusko Legebiltzarrak erantzukizun politikoak egotzi zizkien 2007. urtean Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluko kide zirenei. Ana Agirre, egungo Justizia sailburuordea, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko erakunde horretako presidentea zen orduan.