Politika -
Nafarroako Parlamentua
Oposizioak Barcinaren gestioa kritikatu eta aldaketak aldarrikatu ditu
Nafarroako sozialisten buruak gogor kritikatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaida zabaltzeko egin duen hitzaldia.
Erredakzioa
Roberto Jimenez PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea izan da taldeen txandan hitza hartzen lehena, Foru Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidan. Gogor kritikatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak saioa zabaltzeko egin duen hitzaldia. Jimenezen iritzian, "Nafarroak aldaketak behar ditu, pertsonenak eta politikenak".
"Nafarroako gizartearen zatiketari" aurre egiteko politikak aldarrikatu ditu. Era berean, "garai berria" kudeatzeko "eragile berriak" ezinbestekotzat jo ditu. "Foru Erkidegoak aldaketak behar ditu, erreformak egiteko, eta ez erreforma arinak", zehaztu du.
Barcinak bere diskurtsoan oposizioari egin dizkion kritikak gogor gaitzetsi ditu PSNko buruak. UPN gutxiengo batekin gobernatzen ari bada, berak hala nahi izan duelako dela esan dio Barcinari, UPN-PSN itunaren hausturaren harira.
Nafarroak bi urte aurrekonturik gabe daramatzala gogorarazi du Jimenezek. Gobernu batek "egonkortasunik ez duenean"eta "akordioak erdiesteko gai ez denean", herritarrei eman behar diela hitza esan du.
Barcinak esan duen moduan, Nafarroa atzeralditik ateratzen ari denaren zantzuak egon badaudela onartu du Jimenezek, baina etorkizunera begiratuta, "laino beltzak" ikus daitezkeela gaineratu du.
Bildu: 'Politika toxikoa egin du UPNk'
Handitik txikira hartu dute hitza taldeek, eta, beraz, Jimenezen atzetik Bilduko Bakartxo Ruizen txanda heldu da. Horrek ere kritika zorrotzak egin dizkio Barcinari, eta presidenteak gaurko hitzaldian aurkeztu duen Nafarroaren argazkia ez dela benetakoa nabarmendu du. Barcinaren "ezintasuna" agerian geratu da, esan du.
"Egiazko autogobernua" aldarrikatu du ezker abertzaleko kideak. "Nafarrok erabaki behar dugu nola bizi nahi dugun eta zer eredu nahi dugun bizitzeko", gaineratu du.
Elkarbizitzari dagokionean, UPNk "politika toxikoa" egin duela salatu du. Gatazkaren konponbidean ekarpenak egiteko prest egon den jendeari ateak ixtea leporatu dio Barcinari.
Euskararen eta euskal kulturaren esparruetan UPNk ezarri dituen politikak ere gaitzetsi ditu Ruizek, elkarbizitzari mesede gutxi egin diotelakoan.
Aralar-NaBai: 'Estatuaren kontrolpean bizi da Nafarroa'
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentarioak, berriz, esan du Nafarroa Estatuaren kontrolpean bizi dela. Gobernu berri bat aldarrikatu du, "aurrerakoia, egiazkoa eta eskumenekoa". Bere hitzetan, bakea, giza eskubideak, elkarbizitza eta berdintasuna dira Nafarroak behar duen gobernuaren ardatz nagusiak.
"Estatuaren kontrolpean dago Nafarroa: Foru Erkidegoaren kontuak eta plan ekonomikoak Estatuak kontrolatzen ditu. Horrek Yolanda Barcinak foru erregimena defendatzeko duen ezintasuna agerian uzten du", esan du.
Bestalde, ETAren inguruan egindako adierazpenak kritikatu dituenean Barcina gezurretan ari dela salatu du Zabaletak. Adierazpenak “lazeria moralaz partzialki” erabili dituela kritikatu du Zabaletak.
“Barcina anderea, gezurti bat zara, gezur ugari esan dituzu”, azaldu du. “Zure hitzak ez du ezer balio”, gaineratu du.
PPNren: 'UPNren gestioa antzua izan da'
Ana Beltran PPNko eledunak hartu du ondoren hitza: UPNren gobernuaren hasierako proiektua, ekonomia bultzatzeko eta enplegua sortzeko aurkeztutakoa, "motz" geratu dela eta UPNk egindako lana "antzua" izan dela nabarmendu du.
Legealdiaren errepasoa egin du buruzagi popularrak. Horren iritzian, Nafarroak inoizko gobernurik egonkorrena eta sendoena behar izan duenean, "krisi instituzional etengabea" gailendu da.
I-E: 'Politikoki agonikoa izan da legealdia'Jose Miguel Nuin I-Eko kideak ere gogor kritikatu du UPNren kudeaketa. "UPNren Gobernua zama eramanezina izan da Nafarroarentzat", nabarmendu du. "Politikak eta gehiengo politikoak" berehala aldatzeko premia aldarrikatu du.
"Beste gehiengo batzuk behar ditugu, beste akordio politiko batzuk", esan du Nuinek. Gizartea aldaketa eske ari dela esan du eta bere alderdia eskakizun horri erantzuteko prest dagoela gaineratu du. "Legealdi hau politikoki agonikoa izan da, ekonomikoki oso kritikoa eta gizarte mailan dramatikoa. Agortuta dagoen Gobernu baten aurrean gaude, egonkortasuna lortzeko gai ez dena", esan du.