Politika -

Kataluniako kontsulta

Kontsulta alternatiboa da aukera posible bakarra, Artur Masen arabera

Batasuna haustea egotzi dio ERCk Masi. "Zure proposamena desobedientziaren bidea hartzea eta ez bozkatzea da, eta gurea, berriz, bozkatzea eta Kataluniako herriaren esana egitea", erantzun dio Masek.

Artur Mas, atzo egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Artur Mas, atzo egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Akordioa eta kontsulta berreskuratzea eskatu diote Masi

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalanei beren etorkizunari buruz galdetzeko aukera "posible" bakarra atzo iragarritako "parte-hartze prozesuak" abian jartzea dela esan du Artur Mas Generalitateko presidenteak, eta parte-hartze prozesu horiek legea errespetatuz egingo direla nabarmendu du.

"Atzo galdeketa egin egingo dela azaldu nuen, eta hori da egiteko modu bakarra, beste aukera ez egitea baitzen", adierazi du Masek Kataluniako Gobernuari Parlamentuan egindako kontrol-saioan. Kontsultaren aldeko alderdi batzuek (ICV-EUiA eta CUP) gogor kritikatu dute Mas, eta atzo aurkeztutako alternatiba "kontsulta-suzedaneoa" dela leporatu diote.

Artur Masek azaroaren 9ko kontsultari eutsiko diola iragarri zuen atzo, baina ez aurrez CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek adostu zuten moduan. Horren ordez, parte-hartze prozesuak abian jartzea eta aurrerago hauteskunde plebiszitarioak deitzea proposatu zuen. "Behin betikoaren aurreko galdeketa izango da azaroaren 9koa. Behin betiko kontsulta egiteko, aukera bakarra daukagu: alderdiek deitutako hauteskunde batzuk erreferendum bihurtzea, alegia", adierazi zuen.

Kontsulta alternatiboaren proposamenak katalanei bozkatzeko aukera emango diela nabarmendu du Generalitateko presidenteak; galdeketari eusteak, berriz, "legeak urratzea eta ez bozkatzea dakar", horren esanetan. Halaber, azaroaren 9ko parte-hartze prozesua gaizki irteten bada, erantzukizuna bere gain hartuko duela gaineratu du.

Galdeketaren aldekoak

Oriol Junqueras ERCko buruak batasuna haustea egotzi dio, eta hasierako galdeketa berreskuratzeko eskatu dio Artur Masi Parlamentuan egindako kontrol-saioan. Artur Masek honela erantzun dio: "Zure proposamena desobedientziaren bidea hartzea eta ez bozkatzea da, eta gurea, berriz, bozkatzea eta Kataluniako herriaren esana egitea".

Bestalde, prozesua berak proposatutakoari jarraituz gaizki irteten bada, erantzukizuna bere gain hartuko duela azpimarratu du: "Azaroaren 9ko kontsulta gaizki irteten bada, nire errua izango da. Ongi irteten bada, berriz, guztion meritua izango da".

Kataluniako Gobernuari laguntzen jarraituko diola adierazi du Junquerasek. Hala ere, adostasuna berreskuratzea “oso erraza” dela ohartarazi du, hasierako galdeketa berreskuratzea, alegia.

“Portzelana fina mailu” batekin hautsi izana leporatu dio Joan Herrera ICV-EUiAko buruzagiak Masi, kontsultaren aldeko alderdien arteko akordiori erreferentzia eginez. Bestalde, Masek “guztiekin jokatu” duela salatu du Quim Arrufat CUPeko diputatuak. “Hitza ez duzu bete eta konfiantza galdu dugu”, azaldu du Arrufatek.

Generalitatearen formula herritarrei galdetzeko aukera “posible bakarra” dela defendatu du presidenteak, beste “era batera kontsulta ez egitea da aukera”.

Kontsultaren kontrakoak

Kontsultaren aldeko alderdiek galdeketa alternatiboa kritikatu dute, eta baita kontrakoek ere. Masek kataluniarrak “saldu” dituela esan dute oposizioko gainerako ordezkariek.

Alicia Sanchez-Camacho PPCko presidentearen hitzetan, independentistek Mas “botifler” bat (traidore) bezala ikusten dute dekretuan planteatutako kontsulta ez egiteagatik. Hala eta guztiz ere, Masek kontsultari “uko egitea” ospatu du Camachok, orain planteatzen ari den galdeketa “erdipurdikoa” delako.

Masen egitasmoarekin “nahastuta” dagoela onartu du Miquel Iceta PSCko buruzagiak. “Denbora irabaztearren berme gutxiagorekin” partaidetza-prozesu bat aurrera eraman beharrean, “Auzitegi Konstituzionalaren epaiari itxarotea” hobe izango litzatekeela gaineratu du Icetak. Bestalde, Estatuarekin elkarrizketa zubiak ez “hausteko” eskatu dio agintari sozialistak Masi, nahiz eta “zaila” izan.

Josep Antoni Duran Lleida eta Iceta harremanetan izan dira azken asteetan, CiUren eta PSCren arteko akordio posible bat aztertzeko.

Azkenik, Albert Rivera Ciutadanseko buruzagiaren ahotan, Masek “uste oneko independentistei iruzur egin die”. Era berean, galdeketa berriaren bermeak zalantzan jarri ditu Riverak. Horrela, “Vladimir Putin nazioarteko ikuskatzaile” modura bertan izango den galdetu dio Masi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur