Politika -
Kataluniako Prozesua
'Herri mailako zerrenda bat' aurkeztearen alde agertu da ERC
Plebiszitu-hauteskundeak egitekotan, 'gizarte zibileko ordezkariek osatuko duten hautagaitza bat' aurkeztearen alde egingo du ERCk, indar politikoek bakarrik osatutako zerrenda bat aurkeztu beharrean.
Erredakzioa
Alfred Bosch ERC alderdiko diputatuak ez du "oso argi" ikusten Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo iragarritako kontsulta eredu berria, baina babestuko dutela jakinarazi du. Plebiszitu-hauteskundeak egitekotan, ERCk "herri mailako zerrenda bat" aurkeztearen alde egingo duela azpimarratu du. "Gizarte zibileko ordezkariek osatuko duten hautagaitza bat" bultzatu nahi du, "ez indar politikoek bakarrik" osatuko duten bat.
Kongresuko pasilloetan egin ditu adierazpenok Boshek. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako kontsulta bertan behera utzi ondoren, Masek atzo aurkeztutako galdeketa alternatiboa eta balizko plebiszitu-hauteskundeak izan ditu hizpide.
"Agian, zerrendaburuak ez luke alderdi politiko bateko ordezkaria izan behar", nabarmendu du Boschek. Horren hitzetan, ERC dagoeneko gizarte zibileko ordezkariekin hitz egiten hasi da, "herri mailako zerrenda bat" osatzeko. Herritar independenteak, alderdi politikoekin loturarik ez dutenak, egon beharko lirateke hautagaitza bateratu horretan, diputatu kataluniarraren irudikoz.
Plebiszitu-hauteskundeen aukera tresna ona izan daiteke, ERCko ordezkariaren ustez, "Kataluniako independentziari buruz herritarrek duten iritzia zein den jakiteko tresna egokia". Masek proposatutako kontsulta alternatiboak ez duela hasierako proposamenaren berme berbera esan du. Dena dela, eurekin adostutako eredua ez izan arren, Kataluniako presidenteak azaroaren 9rako atzo iragarri zuen eredu berria babestuko dutela gaineratu du.