Politika -

Kataluniako kontsulta

Masen B planak hautsi egin du kontsultaren aldekoen arteko batasuna

Adostutako kontsulta berreskuratzea edo hauteskundeak deitzea eskatu dio ERCk Masi, eta ICV eta CUP oso haserre agertu dira.

Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako kontsultaren aldeko alderdiek errefusatu egin dute Artur Mas Generalitateko presidenteak atzo iragarritako B plana. Horren ildotik, adostutako kontsulta berreskuratzea edo hauteskundeak deitzea eskatu dio ERCk.

Bien bitartean, Espainiako Gobernua zain dago, Masen kontsulta berriaren aurka egin dezakeen aztertzen.

Oriol Junqueras ERCko buruak adostutako kontsultari eusteko deia egin dio Masi, bloke independentistaren batasuna ez hausteko.

Kontsulta berria oztopatuko ez duen arren, erreferendum formatu hori ez dela konponbidea adierazi du ERCk.

Hori horrela, hauteskundeak aurreratzea eskatu dio Masi, ondoren Kataluniako Parlamentuak alde bakarreko independentzia aldarrikapena egiteko.

Unió (CiU koalizioan CDCren bazkide da) legegintzaldi osoa bukatzearen alde agertu da, eta baztertu egin du independentzia aldarrikatzea. Halaber, txalotu egin du Masek deitutako prozesu parte-hartzaile berria, Ramon Espadaler alderdi horretako idazkari nagusiak azaldu duenez.

Joan Herrera ICVko burua haserreago agertu da, eta uko egin dio Masen "sasikontsulta" babesteari. Izan ere, Masen helburu bakarra "bere burua salbatzea" dela uste du.

CUP "engainatuta" sentitu da, eta "kontsulta alderdikoia" deitu izana leporatu dio Generalitateko presidenteari.

Testuinguru honetan, ANC (Kataluniako Batzar Nazionala) eta Omnium Cultural plataformek batasunerako deia egin diete kontsultaren aldekoei, eta manifestazio bat deitu dute iganderako.

Aurrez aurre, Parlamentuan

Artur Mas eta kontsultaren aldeko alderdiak aurrez aurre izango dira gaur, 10:00etan hasita, Kataluniako Parlamentuan, gobernuaren kontrol-saioan.

Masek Oriol Junqueras (ERC), Miquel Iceta (PSC), Alicia Sanchez-Camacho (PP), Joan Herrera (ICV-EUiA), Albert Rivera (C's) eta David Fernandez (CUP) parlamentarien galderei erantzun beharko die bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma