Politika -
Epaia
'Egunkaria'ren auzi ekonomikoa, behin betiko artxibatuta
Donostiako Zigor aretoko epaileak ekainean erabaki zuen atal ekonomikoa artxibatzea, baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen, auzi ekonomikoa oraindik preskribatu gabe zegoela argudiatuta.
Erredakzioa
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berretsi egin du gaur Egunkaria auziaren atal ekonomikoa artxibatzeko erabakia. Guztira zortzi lagun zeuden auzipetuta, eta libre geratu dira.
Carmen Zubimendi Donostiako Zigor aretoko epaileak ekainean erabaki zuen Egunkaria auziko atal ekonomikoa artxibatzea, baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen, auzi ekonomikoa oraindik preskribatu gabe zegoela argudiatuta.
Arrazoi tekniko eta formaletan oinarritu zen Fiskaltza helegitea aurkezteko, gaian sakondu gabe. Izan ere, Donostiako Auzitegiak auzia artxibatu zuenean ere ez zuen sakoneko argudiorik erabili, preskribatu zelako hartu zuen erabakia.
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2003ko otsailean eman zuen Egunkaria ixteko agindua. Zazpi urte geroago, 2010ean, epaia iritsi eta absoluzioa erabaki zuten Egunkariako auzipetuentzat, ETArekin loturarik ez zutela argudiatuz.
Hala ere, Egunkaria auziko pieza ekonomikoak bere ibilbide juridikoa jarraitu zuen, eta, orain, Donostiako Auzitegiak ekainean emandako ebazpena berretsi egin du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
1998 eta 2001. urteen artean egindako ustezko delituak epaitu dituzte auziaren atal ekonomikoan, baina epaileek preskribatutzat jo dituzte.
Zortzi pertsona auzipetu zituzten atal honetan, eta fiskalak 9 eta 18 urte bitarteko kartzela-zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatu zuen 8 auzipetuentzat: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu. Aske geratu dira denak.