Politika -
Erreakzioak
Indarkeria era guztiak 'ez dira berdinak', esan dio Mendiak Garitanori
Barrioren (PP) arabera, Garitanok "etxerako lan asko ditu oraindik egiteko", esaterako, ETAren baldintzarik gabeko desegitea, "horrek poztuko baititu gehien terrorismoaren biktimak".
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari erantzunez esan duenez, Euskadin "terrorismo mota guztien" biktimen aitortza egin da, eta "denak berdinak" direla nabarmendu du, baina "biktimak egiten dituzten indarkeriak ez dira inolaz ere berdinak".
Mendiak Ferrazen egin ditu adierazpenok, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiarekin bildu aurretik. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak autokritika zorrotza egin du gaur Donostian, Justizia Trantsizionaleko II. Jardunaldien irekiera ekitaldian. Horren iritzian, hamarkadetan "indarkeriaren biktimekiko enpatia falta izan da, eta enpatia ez egoteak portaera ankerrak eragin ditu". Hala, "alde guztietako biktimek jasan duten sufrimendu eta oinazea" bere egin ditu ahaldun nagusiak eta denei "atsekabea eta elkartasuna helarazi" die.
Euskal sozialisten idazkari nagusiak azaldu du ez dakiela "zein biktima motaz ari zen" Garitano, ezta adierazpenen testuingurua eta edukia zein zen ere, baina azpimarratu du bere alderdiaren ustez "Euskadin terrorismoaren biktima guztiak aitortu direla, terrorismo mota guztien biktimak: ETAren terrorismoaren biktimak, GALen terrorismoarenak eta Batallon Vasco Españolenak".
"Terrorismoaren biktima guztiekiko enpatia izan behar da, terrorismoaren indarkeria bidegabea pairatu dutelako", esan du Mendiak. Mendiak azaldu duenez, Gobernu sozialista batek "garai zail batean aurrerapausoak egin zituen beste mota bateko biktimak aitortzeko; Euskadin garai hartan pairatzen zen bestelako terrorismo baten biktimak aitortzeko, alegia".
PP
Carmelo Barrio Arabako PPko bozeramailearen iritzian, Martin Garitanok "etxerako lan asko ditu oraindik egiteko", esaterako, ETAri baldintzarik gabe desegitea eskatzeko, "horrek poztuko baititu gehien biktimak".
Barrioren esanetan, "Garitanok egin beharko lukeen lehenengo gauza bere alderdikide askok oraindik egin ez dutena da", eta, gogoeta teorikoetan ezkutatu beharrean, bere alderdiari "ETAri desegitea eskatzeko" eta euskal herritarrek historian izandako "albisterik txarrena" ETA izan dela esateko eskatu dio.
"Bildu eta Sortu gutxieneko planteamendu etiko bat egitetik oso-oso urrun daude", Barrioren ustez, eta Legebiltzarreko bere taldeari aurreko legealdian onartu zuten "zoru etikoa" onartzea eskatzeko eskatu dio Garitanori, bertan memoriaren aldeko eta terrorismoaren kontrako adierazpen bat jaso baitzuten, eta hori oinarrizko abiapuntua baita Eusko Legebiltzarrean egun geldirik dagoen bakearen aldeko lantaldea bultzatzeko.