Politika -

Indarkeria

'Biktima guztiekiko enpatia falta izan da', aitortu du Garitanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiak bere egin ditu "alde guztietako biktimek jasan duten sufrimendu eta oinazea" eta "elkartasuna" agertu die.

Martin Garitanok autokritika egin du gaur .
Martin Garitano
Garitano: 'Indarkeriaren biktimekiko enpatia falta izan da'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak autokritika zorrotza egin du gaurkoan Donostian, Justizia Trantsizionaleko II. Jardunaldien irekiera ekitaldian. Garitanoren esanetan, hamarkadetan "indarkeriaren biktimekiko enpatia falta izan da, eta enpatia ez egoteak portaera ankerrak eragin ditu". Hala, "alde guztien biktimek jasan duten sufrimendu eta oinazea" bere egin ditu ahaldun nagusiak, eta denei "atsekabea eta elkartasuna helarazi" die.

Garitanoren hitzetan, alde batekoek zein bestekoek "bere buruari bakarrik erreparatu" diote, "bere aldeko pertsonen sufrimenduari kasu eginez soil-soilik". "Beste aldekoen sufrimendua eta errealitatea" ez dira kontuan hartu, gaineratu du, eta "kasu askotan besteen mina mespretxatzera ere iritsi dira". Horren ondorioz, "portaera ankerrak" izan direla aitortu du EH Bilduko kideak, eta horrek "pertsona eta gizarte moduan gure duintasuna debaluatu" duela nabarmendu du.

"Egia eta oroimena adiskidetze prozesuetan: nazioarteko esperientziak eta euskal kasuaren erronkak" izenburupean, Justizia Transizionaleko II. Jardunaldiak egiten ari dira Donostian. Bertan, euren herrialdeetan gatazken eta diktaduren ostean abian jarri dituzten esperientzien berri emango dituzte nazioarteko adituek. Besteak beste, Elizabeth Lira (Txile), Marina Gallego (Kolonbia) eta Francisco Ferrandiz (Espainia) gonbidatu dituzte bertara.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, "Euskal Herrian giza eskubideak urteetan urratu dira" eta, "indarkeria mota guztiek sortutako zauriak sendatzeko" errezeta magikorik ez dagoen arren, honelako jardunaldiak "tresna" direla azpimarratu du Garitanok. Gipuzkoako Foru Aldundiak bide horretan  "konpromisoa" hartu duela berretsi du.

"Besteen mina mespretxatu da"

Gipuzkoako ahaldun nagusiak ohartarazi duenez, "euskal gatazkak gizartearen zatiketa eragin du" eta gizartea bera "gatazka luze eta gogor honen lekukoa eta biktima” izan da. "ETAren indarkeriaren biktima izan dira batzuk, eta Estatuek bultzatu eta baimendu duten indarkeriaren biktima beste batzuk", erantsi du Garitanok.

Horren ustez, "hamarkadetan, alde bakoitzak bere buruari bakarrik erreparatu dio, bere aldeko pertsonen sufrimenduari kasu eginez soilik, beste aldekoen sufrimendua eta errealitatea kontuan izan gabe, kasu askotan, besteen mina mespretxatzera iritsi arte".

Horren aurrean, "biktima guztiei" bere "atsekabea eta elkartasuna" agertu die Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Nire egiten ditut alde guztietako biktimek jasan duten sufrimendua eta oinazea. Biktima horiei guztiei, pertsona horiei guztiei, nire atsekabea eta elkartasuna helarazi nahi diet, bihotz-bihotzez", adierazi du.

Garitanok nabarmendu duenez, "kalteak handiak izan dira eta, zoritxarrez, batzuk erreparaezinak dira". Hori horrela izanik ere, gizartea eta erakundeak ezin direla gelditu azpimarratu du EH Bilduko buruzagiak. "Erakundeok biktimak laguntzera behartuta gaude. Inolako desberdintasunik egin gabe”, azaldu du.

Halaber, maila ezberdinetako biktimak daudela salatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak: "ETAk eragindako biktimek aitortza jaso dute, baina Estatuek eragindako biktimek, ostera, aitortza ofizialik ez dute oraindik".

Bake-prozesuaren egungo egoera hizpide hartu du amaitzeko Garitanok. Horren esanetan, "ETAk armak utzi dituen arren, Estatuek tortura sistematikoki ezeztatzen dute, presoen eskubideak etengabe urratzen dira eta Estatuek epaiketa politikoak egiten jarraitzen dute. Hau ere egia da eta argitara eman behar da", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea