Politika -

Bilbo

Independentistak sareak euskal errepublika aldarrikatu du

Euskal Herriaren independentzia ez da 'gutizia bat, beharra baizik', Maribi Ugartebururen arabera.

Independentistak sareak manifestazioa egin du gaur goizean Bilbon. Argazkia: EiTB
Independentistak sareak manifestazioa egin du gaur goizean Bilbon. Argazkia: EiTB
Independentzia 'ez da kapritxoa, beharra baizik'

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagunek parte hartu dute Independentistak sareak deituta "Gora euskal errepublika!" lelopean Bilbon egin den manifestazioan. Euskal errepublika aldarrikatzeaz gain, euskal estatua sortzeko bidean pausoak emateko deia egin dute.

Manifestazioa 12:30ean atera da Bilboko Plaza Biribiletik, eta, Bilboko kaleak zeharkatu ondoren, Moyua plazan amaitu da; Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, hain zuzen ere.

Amaieran, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak hartu du hitza. Horren esanetan, Independentistak sareak "Euskal Herriaren eta munduko herri guztien eskubideak aldarrikatzen ditu" Hispanitatearen eguna "inposatu" nahi dutenen aurrean. "Franco diktadorea hil eta 40 urtera, frankismo garaiko ukazio eta inposaketa politikek bizirik diraute, eta eraikin hau da horren lekuko", salatu du.

"Estatu espainiarraren eta frantsesaren ukazioa eta inposaketa hor daude, baina ezin dugu Madrilera eta Parisera begira egon", azaldu du. Horren aurrean, "bide orria zehaztu behar dugu hemen, Euskal Herrian, aurrera begirako pausoak eta erritmoak erabaki eta bidea adierazi".

Dena den, Estatua eraikitzeko bidean pausoak emateko garaia iritsi dela gaineratu du, eta horretarako "independentziaren alde dagoen gehiengo soziala batu behar dugu". "Hori da Independentistak sarearen eginkizun nagusia", azpimarratu du.

Ugarteburu: "Euskal Herriaren independentzia ez da gutizia bat, beharra baizik"

"Euskal Herriaren independentzia ez da falazia bat, ezta gutizia bat ere, beharra baizik", Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera.

"Hemen bizi garen guztiok independentzia behar dugu hobeto bizitzeko eta gure egunerokoari dagozkion erabakiak hartzeko, politikan, ekonomian, kulturan zein gizarte alorrean", adierazi du. Hori dela eta, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, herrialde akordio zabala ehuntzearen alde agertu da. Hori lortzen denean, EH Bilduk "herri gisa etorkizun justua izateko bitarteko eraginkor gisa defendatuko du independentzia", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea