Politika -

Eusko Legebiltzarra

'EiTBren independentzia' defendatu du Iturbek kritiken aurrean

EiTB 'EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren mesedetan' aritzen dela salatu dute EH Bilduk, PSEk, PPk eta UPyD.

Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EITB
Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EITB
Maite Iturbek EiTBren 'independentzia' defendatu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman ditu, PPko Nerea Llanosen eskariari erantzunez, EiTBk bere albistegietan erabiltzen dituen irizpideen inguruan. EiTB "EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren mesedetan" aritzen dela salatu dute EH Bilduk, PSEk, PPk eta UPyD. Kritika horien aurrean, albistegien "profesionaltasuna eta independentzia" defendatu ditu Iturbek.

EiTBren Kontrol Batzordean egin duen agerraldian, Iturbek esan du taldeko espazio informatiboak "pluralak" direla. "Beste hedabide batzuen aldean, EiTB kazetaritza independentearen garantia da. Kazetaritza profesionala, sinesgarria eta irekia egiten dugu, euskaraz eta gaztelaniaz. Horretan datza EiTBren prestigioa eta lidergoa", nabarmendu du.

Iturberen hitzetan, Euskal Herriko sentsibilitate politiko guztiek dute "presentzia bermatuta" EiTBn. "Bermatzen al dute PSOEk eta PPk zuzentzen dituzten komunikazio-talde publikoek EiTBk bermatzen duen besteko oreka?", galdetu du.

"EiTBren profesionaltasuna" emaitzetan islatzen dela ere esan du zuzendari nagusiak. EiTBko albisteak "kualitatiboki ondoen baloratuenak" eta "kuantitatiboki audientziaren gehiengoa bereganatzen dutenak" direla gaineratu du.

Nerea Llanos popularrak gogor kritikatu du Iturberen hitzaldia. Gaurko agerraldia oposizioa "jipoitzeko" eta bere lana zalantzan jartzen dutenei "eraso egiteko"  erabili izana egotzi dio EiTBko buruari.

Iturbek buruzagi popularrari gogorarazi dio agintaldia hasi zuzenetik bederatzi agerraldi egin dituela Eusko Legebiltzarrean, 26 gai aztertzeko. "Kontrol-sistema hau oso ona da EiTBrentzat, baina zalantza du Alderdi Popularrak bere egiten ote duen sistema bera beste telebista autonomiko batzuetan edo RTVEn bertan. Susmoa dut parlamentuetan PPren gehiengoa dagoenean, ez dela halako debaterik gauzatzen", zehaztu du.

Taldeen errondan, Luke Uribe-Etxeberria EAJko legebiltzarkideak hartu du aurrena hitza. Iturberen ildo beretik, buruzagi jeltzaleak esan du EiTBren albistegien irizpideak bertako "profesionalei" dagozkiela eta  audientziei erreparatuta, ETBko albistegien "lidergoa" nabarmendu du.

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak, berriz, EiTBren objektibotasun eza salatu du, eta EAJrentzat "deserosoak" diren gaiak ekiditea egotzi dio hedabide publikoari. Urruzunoren irudikoz, "Eusko Jaurlaritzaren nodo" bilakatu da EiTB eta hori frogatzeko Jaurlaritzako ordezkariek albistegietan duten presentzia ikusi besterik ez dagoela esan du.

PSE-EEren izenean, Mikel Unzaluk hartu du hitza. Oposizioko alderdi guztiek EiTBren "ildo editoriala" kritikatzen badute, "arazoa" begi-bistakoa dela esan dio Iturberi Unzaluk.

Azkenik, UPyDko Gorka Maneirok ere, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren mesedetan aritzea egotzi dio EiTBri. Iturberen dimisioa, berriro, eskatuko duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra