Politika -

Iritzi artikulua

Bateraguneko auzipetuen lana aldarrikatu dute Ibarretxek eta Iruinek

'Bateragune auziaz, aho batez' izenburupean, iritzi artikulua argitaratu dute Ibarretxek eta Iruinek. Auzipetuen lan politikoa nabarmendu dute.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EITB
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EITB
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Iñigo Iruin ezker abertzaleko abokatuak iritzi artikulu bat argitaratu dute elkarrekin, Euskal Herriko egunkari ia guztietan. 'Bateragune auziaz, aho batez' izenburupean, Bateragune kasuko auzipetuen lan politikoa goratu eta aldarrikatu dute. Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez espetxean daude, Bateragune auziagatik zigortuta.

"Erakunde terroristan sartuta egotea egotzi zieten Bateragune izeneko talde bateko kide izateagatik, talde hura, ustez, ETAren agindu politikoak betetzen zituen egitura zelarik. Handik bi urtera, Entzutegi Nazionalak aitortu zuen ez zela frogatu aipatutako taldekoak zirenik eta bertan esku hartzen zutenik. Hala ere, kondenatu egin zituzten", diote hitzez hiz Ibarretxek eta Iruinek.

Euskal Herrian jaso diren gertaera politikoek agerian utzi dute bost pertsona horien lan eta borondate politikoa, iritzi artikulu hori sinatu dutenen arabera. "Auzitegiak kontuan izan balu 2009ko urriaz geroztik gertatutakoa, ondorioa oso bestelakoa izango zen. Gertaeren bilakaerak ezagun du pertsona hauek egindako lan politikoak, atxilotu bazituzten ere, itzal handia izan zuela eta erabakigarria izan zela gero etorriko zenerako, bidea eman baitzion ETAren 2011ko urriko erabakiari", idatzi dute.

Artikuluak "ekarpen apala" izan nahi duela adierazi dute egileek. Euskal Herria "bakera" eta politikoki "bere onera" ekartzeko ahalegintzat jo dute testua. Bost auzipetuek Euskal Herriko gatazkaren konponbidean egindako "lan garrantzitsua" eta erakutsitako "ahalegin eskuzabala" goratu dute: "Biok aski ezagunak ditugu eta gauza gara esateko ziur gaudela beren borondate argiaz, ahalegin eskuzabalaz eta lan garrantzitsuaz, Euskal Herriko indarkeriaren aldi luzea amaitzeko".

Bost urte bete dira Otegi, Diez, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez espetxeratu zituztela; sei urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zieten. Epaileen ebazpenaren oinarria "zantzu hutsez osatu zuten, polizia-ekintzetan atzemandako agiri sail batean euskarri hartuta. Agiri horiek berak erabili zituzten Bildu eta Sortu legez kanpo uzteko eskaeretan, eta Auzitegi Konstituzionalak ez zituen askietsi erakunde horiek ETAren baliabide hutsa zirela ondorioztatzeko. Hainbat gutxiago balio behar zuten terrorismo delituengatik askatasuna kentzen duten zigor handiko kondenak oinarritzeko".

Hitzok partekatuz, euskal gizartean itxaropena zabaldu nahi dutela esan dute abokatuak eta lehendakariak. "Ilusioa pizten duen itxaropena, bidelagun bikaina. Ohartzen gara garrantzitsua dela hau guztia esatea, baina are garrantzitsuagoa dela biok ahots batez esatea. Egia esan, gauza asko esan eta egin ditzakegu elkarrekin. Are gehiago, ziurrenik, elkarrekin esan eta egin behar ditugu", esanez amaitu dute artikulua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea