Politika -
Profila
Xabier Olano, profil ekonomikoa duen hautagaia
Enpresa Zientzietan lizentziatua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria da gaur egun.
Erredakzioa
EH Bilduk Xabier Olano Jauregi aukeratu du Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako. Olano profil ekonomikoa duen hautagaia da.
Eusko Legebiltzarrerako 2012ko hauteskundeetan Laura Mintegi izan zen EH Bilduren lehendakarigaia, eta bozak irabazi izan balitu Olano Ogasun eta Finantza sailburu izendatzeko asmoa zuen koalizioak.
Olano 1959an jaio zen Altzon, eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria da Helena Francok gidatzen duen sailean.
Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Ogasun eta Finantza Publikoetan aditua da, eta 1982 eta 1989 bitartean Hiruerrieta udal elkarteko kontu-hartzailea izan zen.
Gero, 1989 eta 1992 bitartean, Usurbilgo Udaleko idazkari izan zen eta, 1992tik 2011ra, Usurbilgo Udaleko kontu-hartzailea.
Bestalde, 1987tik 1991ra Altzoko alkate eta 1991tik 2003ra Gipuzkoako Batzar Nagusietako prokuradorea izan zen.