Politika -

Batzar orokorra

Iparraldeko 108 hautetsi Udalbiltzara batu dira

Guztira, Euskal Herri osoko 1.471 partaide ditu.

Udalbiltzaren batzar orokorra egin dute gaur Uztaritzen. Argazkia: Udalbiltza
Udalbiltzaren batzar orokorra egin dute gaur Uztaritzen. Argazkia: Udalbiltza
Udalbiltzaren batzar orokorra egin dute gaur Uztaritzen. Argazkia: Udalbiltza

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko 108 hautetsik bat egin dute Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrarekin, eta horietako 68 Lapurdikoak dira, 22 Zuberoakoak eta 18 Nafarroa Beherekoak.

Orotara, Euskal Herriko 1.471 hautetsi daude Udalbiltzan eta horietako 183 alkateak dira. Dena den, hautetsi berriak atxikitzeko prozesua ez da amaitu eta litekeena da datozen hilabeteetan kopuru hori haztea.

Udalbiltzak ikasturte politiko berrirako lan-ildo nagusiak aurreratu ditu gaur eta horien ardatz nagusia gizarte eta lurralde kohesioa izango dela azpimarratu du Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak. "Udalak eta eskualdeak elkarrengana hurbildu nahi ditugu, hobeki ezagutzeko elkar, gure herriaren egoera bere osotasunean ulertzeko eta aztertzeko. Eta eginahalak biltzeko, elkarrekin proiektuak egiteko. Azken finean, partekatzen ditugun erronkei aurre egiteko, euskal lurraldeen arteko lankidetza eta elkartasuna baliatu nahi dugu", azaldu du.

Bestalde, Udalbiltzak sei erronka ezarri ditu:

1) Euskal Herriko lurralde guztien eta bertako biztanleen arteko kohesioa. Udalbiltzako hautetsiek Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa eta lankidetza bultzatzeko konpromisoa hartu dute, "bertako biztanleen arteko loturak sendotzeko, gure herriko errealitate desberdinen ezagutzean sakontzeko eta ideien eta egitasmoen trukea sustatzeko".

2) Udalerrien arteko kohesioa. "Guztion beharrei erantzuteko, herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko, kudeaketa ahalik eta onena egiteko, estatuen inposizioei eta gobernu ordezkarien nahiz prefeten jazarpenari aurre egiteko", azaldu du Udalbiltzak ohar batean.

3) Kohesioa, Euskal Herriko eskualde baztertuenen garapenerako. Udalbiltzak Euskal Herriko "lurralde desorekak" ezagutarazteko eta gabeziarik handienak nozitzen dituzten lurraldeekiko elkartasun egitasmo bat abiatu du.

4) Kohesioa gure hizkuntzaren eta gure kulturaren inguruan. Udalbiltzak"Euskal Herria sendotzen" programaren bitartez, euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiten duten entitateekiko lankidetza hitzarmenak indartu egingo ditu.

5) Kohesioa sinboloen inguruan. Udalbiltzak "gure errealitate nazionala islatzen duen eta Euskal Herria gure herrietako mapan jartzen duen" sinbologia normalizatzeko apustua egin du.

6) Nazioartea. Udalbiltzak gertutik jarraituko ditu Eskoziako eta Kataluniako prozesuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea