Politika -
Kartzela politika
Ibon Iparragirre presoaren muturreko egoera salatu dute senideek
"Espetxean, bakarrik eta lagunik gabe hilko den beldur naiz", esan du bere amak. Abokatuek helegitea jarri dute presoa kartzelatik ez ateratzeko erabakiaren kontra.
Erredakzioa
Ibon Iparragirre presoaren abokatuek helegitea aurkeztu dute Auzitegi Nazionalean; osasun arazoengatik libre uztearen kontrako erabakiaren kontra, hain zuzen ere.
Ana Ituño hiesa duen presoaren abokatuak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, presoarentzat "erabat ezinezkoa da kartzelan bizitza normala egitea", hiesaz gain, "buruko arazoak" dituelako: "Konbultsio krisiak eta dementzia", besteak beste.
"Espetxean, bakarrik eta lagunik gabe hilko den beldur naiz", esan du Angelita Burgoa presoaren amak prentsaurrekoan.
Horiez gain, prentsaurrekoan izan dira Ibai Bilbao Etxerateko kidea eta Miren Arana medikua, aste honetan bertan epaitegiak Iparragirre libre uzteari uko egin izana salatzeko.
Miren Arana medikuak azaldu duenez, presoak duen "dementzia"ren ondorioz, "jokabide psikotikoa du Ibonek, eta ezin du ingurukoekin harreman normala izan, eta gatazkak sor daitezke kartzelan ematen dizkioten aginduen interpretazio okerra eta paranoidea egiten badu".
Ibai Bilbao Etxeraten bozeramaileak berretsi du Iparragirrek eta "gaixotasun larriak" dituzten beste 9 presoek libre behar dutela egon, horixe dagokiela, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek, "etekin politikoa ateratzeko", mina areagotzen jarraitzeko asmoa dutela salatu du.