Politika -
Laguntza sozialak
Urkullu: 'Gizarte laguntzen gaineko kontrola handitu behar da'
Bestalde, lehendakariak iragarri du prest dagoela 2015eko Aurrekontuak EH Bildurekin adosteko.
Erredakzioa
Behartsuenei laguntzeko Euskadin dagoen sistema defendatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Eusko Legebiltzarreko gobernuaren kontrolerako saioan Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren auzia izan dute hizpide eta, horren harira, "gizarte laguntzen gaineko kontrola handitu" behar dela aitortu du Urkulluk, kontrola ezarrita, "justizia soziala handitzen" dela argudiatuta.
Ogasun Sailak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 10.000 laguni gehiegi ordaindu diela eta, galdera egin dio gaur lehendakariari Laura Garrido Alderdi Popularreko bozeramaileak.
Urkulluk gogorarazi duenez, "gehiegizko ordainketa" hauek PSEren agintaldiaren azken urtean eta EAJren lehenengoan egin ziren. Haren hitzetan, Lanbideri gertatutakoak ez du zertan iruzurraren, kontrol faltaren edo kudeatze eskasaren ondorio izan behar, "gehienetan laguntza jasotzen duten lagunen ezjakintasunari edo deskuiduari edo tramitazioaren dinamikoari zor zaie", azaldu du.
Urkulluk adierazi duenez, "Jaurlaritza eta Lanbide adi egongo gara. Kontrola areagotzeko eta egon daitezkeen gehiegikeriak gutxitzeko lanean jarraituko dugu, erakunde guztien lankidetzarekin". Dena dela, egungo sistema defendatu du lehendakariak, "hobetzeko" prest agertu bada ere, "azken 25 urteotan egin dugun bezala", erantsi du. Horren ildoan, Alderdi Popularreko hainbat buruzagi etorkinen aurka egiten ari diren "kanpaina" salatu du.
"Etorkinek ez dute abantailarik, herritar guztiak berdin tratatzen ditugu, baldintza eta betebehar berdinak ezartzen dizkiegu", agertu du Urkulluk, Javier Maroto Gasteizko alkateak marokoarren kontra esandakoak ahotan hartuta.
Lehendakaria, aurrekontuak EH Bildurekin adosteko prest
Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakaria prest agertu da EH Bildurekin aurrekontu "sozialagoak" adosteko, baldin eta koalizio soberanistak esparru horretan akordioak lortzeko borondatea badu.
Hala erantzun dio Urkulluk Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileari, Jaurlaritzaren "murrizketa politikaren" inguruko azalpenak eskatu dizkionean.
Urruzonok kezka agertu du Jaurlaritza 2015eko Aurrekontuetan "murrizketa gehiago" egingo dituelakoan. EH Bilduk Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko baldintza zein den nabarmendu du Urruzunok: murrizketa gehiago ez egitea.
Lehendakariak gogoratu du joan den politika orokorreko eztabaidan adierazi zuela talde guztiekin adostasunetara heltzea ezinbestekoa dela berarentzat, erakunde publiko nagusietan aurrekontu orekatuak izateko.
Ildo horretan, EH Bildurekin aurrekontu "sozialagoak" adosteko prest dagoela esan dio lehendakariak Urruzunori.
Kontziliaziorako diru laguntzetan "atzerapenak" onartu ditu Aburtok
EH Bilduk eta Alderdi Popularrak berak galdetuta, familia eta lana uztartzeko laguntzerako dirua amaitu izana ‘"mingarria" dela aitortu du Juan Maria Aburto Enplegu eta Politika Sozialen sailburuak. Argitu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu familia kontziliatzeko laguntzak kendu, eta 2014an "errekurtso faltagatik" ordaindu gabe utzi direnak "atzerapenez" emango ditu.