Politika -
Kataluniako kontsulta
Kontrol Batzordearen izendatzea aztertzen dabil Estatuko Abokatutza
Kontsultarako sortutako organoa legez kanpokoa ote den eta "legezkotasuna berriz ezartzeko" neurriak hartu behar diren ikertzen ari da.
Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak azaroaren 9rako sortutako Kontsulten Kontrolerako Batzordearen (Hauteskunde Batzordearen baliokidea) izendatzea aztertzen dabil Estatuko Abokatutza, Llanos Luna Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak iragarri duenez.
Onda Cero irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Abokatutzak txostena idatziko du eta, legez kontrakotzat joz gero, "legezkotasuna berriz ezartzeko eta Konstituzionalaren baliogabetzea betearazteko" hartu beharreko neurriak zeintzuk diren iragarriko du.
Llanos de Lunaren esanetan, Auzitegi Konstituzionalak ezarritako behin-behineko baliogabetzea betetzen ari dela "estuki" zaintzen ari da Espainiako Gobernua. "Baliogabetzea hausten duen edozein neurri zehatz-mehatz aztertuko du Espainiako Gobernuak, eta hori da, hain justu, Estatuko Abokatutza egiten ari dena", azpimarratu du.
Artur Mas Generalitateko presidentea ere ahotan hartu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. "Sua pizten ibiltzea" egotzi dio Llanos Lunak, Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurkako helegiteetan "pasioa eta erraietako sentimenduak" argudiatu baititu, betiere Espainiako Gobernuaren eledunaren aburuz.
Haren ustez, Masek erabilitako hitzak "ezin dira inoiz erabili, are gutxiago helegite batean", eta, horrenbestez, "arduragabekeria galanta" egin du presidente katalanak. Horren aurrean, "asaldura maila jaisten laguntzea eta lege argudioak erabiltzea" eskatu dio.