Politika -

Ostiralean

Konstituzionalaren erabakiari erantzun bateratua eman nahi dio Masek

CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako buruzagiekin aldebiko bilerak izan ditu Generalitateko presidenteak Kataluniako Parlamentuan. Bileretako edukiaren berririk ez du eman Masek.

Artur Mas Generalitateko presidentea eta Nuria de Gisbert Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea eta Nuria de Gisbert Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea eta Nuria de Gisbert Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsulta bultzatu zuten alderdietako buruzagiak deitu ditu Artur Mas Generalitateko presidenteak, datorren ostiralean Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari erantzun bateratua emateko.

CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako buruzagiekin aldebiko bilerak izan ditu Masek gaur.

Bileretako edukiaren berririk ez du eman Masek. Bilera bat amaitu eta beste bat hasi den bitartean hartu dituen atsedenalditxoetan mezu bakarra eman die ingelesez Generalitateko presidenteak kazetariei: "Keep calm" (Egon lasai).

Goi-bilera ostiral goizean egingo dute eta gaur Masekin azaldutako buruzagi berdinak bilduko dira; izan ere, arratsaldean aldebiko bilerak egin dituzte presidentearen Parlamentuko bulegoan, Ganberan osoko bilkura egiten ari ziren bitartean.

Besteak beste, bertan behera geratu den azaroaren 9ko kanpainarekin zer egiten duten adostu beharko dute, eta baita beharrezko egiturekin zer egin ere; beste herrialdeetan dauden kataluniarren zerrenda, esaterako.

Lehenengo David Fernandez CUPeko diputatua hartu du Masek, eta Joan Herrera ICV-EUiAko buruzagia, Oriol Junqueras ERCko presidentea, Jordi Turull CiUko agintaria, Merce Jou bozeramailea (CiU), Ramon Espadaler idazkari nagusia (CiU) eta Josep Rull CDCko koordinatzaile nazionala, jarraian.

Bileren arteko tartetxo batean, presidenteak 10 minutuko elkarrizketa izan du Nuria de Gispert Parlamentuko presidentearekin.

Herri kontsulten kontrolerako Batzordea

Kataluniako Parlamentuak, CiUren, ERCren, ICV-EUiAren eta CUPen aldeko 86 botoekin, herri kontsulten kontrolerako batzordea (azaroaren 9koa gainbegiratzeaz arduratu behar zena) sortzea onartu du, PPCk, PSCk eta Ciutadansek bozkatzeari uko egin dioten saio batean.

Batzordeak sona handiko zazpi legelari eta politologo izango ditu batzordeko kide: Merce Barcelo Serramalera Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna, Joaquim Brugue Torruella UABko Zientzia Politikoko katedraduna, Alfons Gonzalez Bondia Rovira Virgili Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko irakaslea, Miquel Martin Casals Gironako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko katedraduna, Marc Marsal Ferret eta Benet Salellas Vilar abokatuak, eta Jordi Matas Dalmases Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Politikoen eta Administrazioaren katedraduna.

Helegiteak Konstituzionalean

Bestalde, Generalitateak helegite bana aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, kontsulten legea eta azaroaren 9ko kontsulta deialdia bertan behera utzi duen neurria "berehala altxa dezan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea