Politika -

Bilera Lehendakaritzan

PSE-EErekin adostutakoa beteko duela agindu dio Urkulluk Mendiari

Mendiaren ustez, EAJk eta PSEk sinatutako akordioak ez dituzte bete, eta hori dela eta, bere kezka helarazi dio Urkulluri. Neurri horiek 2015eko Aurrekontuetan jasotzea espero du buruzagi sozialistak.

Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu Lehendakaritzan. Argazkia: EFE
Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu Lehendakaritzan. Argazkia: EFE
Urkullu eta Idoia Mendia, egonkortasun ekonomikoaren bila

0:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak EAJk eta PSE-EEk duela urtebete adostutako akordioa beteko duela ziurtatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiari. Urkulluren esanetan, itunak "betetzeko dira". Akordioak planteatutakoan sinesten duela gaineratu du, eta gai hau jorratzeko ardura biek izatea adostu dute.

Bestalde, PSOEk Konstituzioa erreformatzeko planteatutako proposamenarekin bat egiteko eskatu dio Idoia Mendiak lehendakariari. Erkidegoen "arazoak" konpontzeko "bide bakarra" dela adierazi du Mendiak. Gainera, buruzagi sozialistak babesa eskaini dio Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuak EAEren eskumenak "murriztea" eragozteko.

Mendia eta Urkullu Lehendakaritzan bildu dira asteazken honetan. Ekonomia, autogobernua eta EAJk eta PSEk duela urtebete sinatutako akordioa garatzea izan dituzte hizpide bi agintariek bileran.

Estatuak erkidegoaren eskumenak "zapaltzea eragozteko" Eusko Jaurlaritzak aurkezten dituen ekimen guztiak babestuko dituztela esan dio euskal sozialisten idazkari nagusiak lehendakariari.

Estatutuaren erreforma

Gainera, sozialistak "adostasun ahalik eta handienarekin" Estatutuaren erreforma bati ekiteko prest daudela azaldu dio Mendiak Urkulluri. Horren harian, PSOEk Konstituzioa aldatzeko proposatutako erreforman parte hartzeko "gonbita" egin dio buruzagi sozialistak lehendakariari, erkidego ezberdinen "arazoak" konpontzeko "bide bakarra" delako.

Hala ere, "abertzaleen aldarrikapenei erantzuna emateko abenturatan" ez dutela parte hartuko ohartarazi du Mendiak.

Idoia Mendia Iñigo Urkullu efe

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

Politika Orokorreko Eztabaidan, iragan ostegunean, iragarri bezala, alderdi politikoekin bilera sorta hasi du gaur lehendakariak, susperraldi ekonomikoa, aurrekontuak, lanpostuen sorrera, bakea eta elkarbizitza eta estatus politiko berria jorratzeko.

EAJ-PSE itunaren "urraketa"

Bilerak bi orduko iraupena izan du. Mendiaren ustez, EAJk eta PSEk sinatutako akordioak ez dituzte bete, eta, hori dela eta, bere kezka helarazi dio Urkulluri. Neurri horiek 2015eko Aurrekontuetan jasotzea espero du buruzagi sozialistak.

Itunaren "urraketek" lanpostuak sortzeko politikak oztopatzen dituztela kritikatu du Mendiak, eta iruzur fiskalari aurre egiteko "ausardia handiagoa" eskatu dio lehendakariari. Hala ere, Eusko Jaurlaritzari itunean jasotako akordioak betetzeko epe bat eman ote dion ez du argitu PSE-EEko agintariak.

Mendiaren hitzetan, PSE-EEk Jaurlaritzarengan duen "mesfidantza" datorren urteko aurrekontuen edukia eta itunaren garapena ikusten denean "argituko" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Idoia Mendia albisteak