Politika -

Autogobernu batzordea

Rubio Llorente: 'Herriek euren borondatea azaldu ahal izatea ona da'

Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohiaren hitzetan, erreferendumak arautzen dituen lege organikoa erreformatzea "oso ona izango litzateke" erkidegoek kontsultak egin ahal izateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Rubio Llorente Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohiak agerraldia egin du goizean, Eusko Legebiltzarreko autogobernu batzordean. "Herriek euren borondatea azaltzeko aukera izatea ona da", adierazi du Rubio Llorentek.

Rubio Llorenteren hitzetan, erreferendumak arautzen dituen lege organikoa erreformatzea "oso ona izango litzateke" erkidegoek kontsultak egin ahal izateko, nahiz eta gaiak Espainia osoari eragin.

Kataluniako kasuari dagokionez, erreferendumeko galderak Espainia osoari eragiten dionean, formulazioan aldeen arteko "akordioren bat" beharrezkoa izango litzatekeela azaldu du Estatu Kontseiluaren presidente ohiak Gasteizko Ganberan.

Gauza bakoitzari bere izena ematea aldarrikatu du, erreferendum bat ez baita kontsulta. Kataluniako Gobernuak ordezkatzen duen herriari galdetzen dionean, erakundea herritarren iritzitik "aldentzea oso zaila" dela esan du Rubio Llorentek.

Estatu autonomiko "asimetrikoa"

Autonomien estatuaren "krisia" gainditzeko, Konstituzioaren erreforma egitea beharrezkoa dela uste du Llorentek. Horren harian, estatu autonomiko "asimetrikoa" defendatu du, eta Espainia "konfederal" batean sinesten ez duela erantsi du.

Erkidego gutxiagorekin Espainia "errazago gobernatuko" luketela ziurtatu du Konstituzionaleko presidenteorde ohiak. Horregatik, hizkuntza bakarra (gaztelania) duten erkidegoak batzea "ona litzatekeela" adierazi du, baina horretarako zailtasunak daudela onartu du.

Konstituzioaren erreforman "arrakasta" izateko, abertzale "erradikalek arbuiatzen" duten Espainiaren ereduan oinarritu beharko lirateke, Rubioren ahotan.

Azkenik, erabakitzeko eskubideak Konstituzioaren erreforma horretan tokirik ez duela uste du Rubio Llorentek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak