Politika -

Katalunia

Milaka lagun, Konstituzionalaren erabakiaren aurkako protestetan

Bartzelonako Sant Jaume plazan 5.000 pertsona bildu dira, Udaltzaingoaren arabera. Gironan, udaletxe aurrean, 4.000 pertsonak elkarretaratzea egin dute.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Ehunka mila lagun, kontsulta bertan behera uztearen aurka

0:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira gaur arratsaldean Kataluniako udaletxeen aurrean Auzitegi Konstituzionalak kontsulten legea eta azaroaren 9rako kontsulta deialdia bertan behera utzi izanaren kontra.

Bartzelonako Sant Jaume plazan 5.000 pertsona inguru elkartu dira, Udaltzaingoaren arabera, eta oihuka "bozkatu egin nahi dugu" esaten zuten bitartean, Konstituzionalaren erabakia salatu dute, herrialdeko beste hainbat udalerritan bezalaxe.

Kontzentrazioa euripean izan da, eta CiUko, ERCko, ICV-EUiAko eta CUPeko kideak eta independentziaren aldeko kanpaina egin dutenak bildu ditu.

Besteak beste, hauek izan dira bertan: Oriol Junqueras ERCren buruzagia, Josep Rull CDCren koordinatzaile nagusia, Joan Josep Nuet EUiAren koordinatzaile nagusia, Antoni Castella UDCren buruzagi eta Generalitateko unibertsitateen idazkaria, Joan Herrera ICVren koordinatzailea eta Quim Arrufat CUPen diputatua.

Carme Forcadell ANCko presidenteak manifestu bat irakurri du. Bozkatzea demokrazia dela aldarrikatu du Forcadellek: "Azaroaren 9an bozkatu eta irabazi egingo dugu".

Horregatik, Forcadellek Kataluniako Gobernuari babesa eman dio kontsulta egiteko, "gehiengoak bozkatu nahi duelako". Gainera, Kataluniako ia udal guztiek kontsultari babesa eman diotela gogorarazi du ANCko presidenteak.

Bestalde, azaroaren 9an kontsulta egingo dela errepikatu du Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak: "Bozkatzera joango gara".

Concentraciones Cataluña EFE

Argazkia: EFE

Katalunia osoan

Era berean, 4.000 pertsona inguru elkartu omen dira Gironako udaletxearen aurrean, eta lurralde horretako herri ugaritan ikusi dira antzeko irudiak.

Tarragonako udaletxearen parean ere beste hainbeste lagun elkartu dira, 4.000 inguru, eta Lleidan, 3.000 gutxienez.

Protesta horietan guztietan, kontsultaren eta independentziaren aldeko aldarriak entzun dira.

Kanpaldia Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean

Bestalde, Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean, Bartzelonan, ehunka pertsona kanpaldia egiten saiatu dira. Esquadra Mossoek kanpadendak kendu dituzte. Bartzelonako CUPek deitu du protesta, sare sozialen bidez.

Mossoen 20 bat furgonetak hesi bat egin dute Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean, lekukoen arabera.

Kanpaldia desegiten hasi direnean, manifestariekin tirabira txikiren bat izan dute mossoek. Nahiz eta kanpaldia desegin, manifestariak inguruan geratu dira, protestan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Kataluniako erreferenduma Espainia albisteak Gizartea bideoak Auzitegi Konstituzionala Protestak gaur Kataluniako prozesua zuzenean