Politika -
Ustezko ustelkeria
Pujolen aurka salaketa aurkeztu dute PSOEk eta Ciutadansek
Ogasunari iruzur egin eta kapitalak zuritu izana leporatzen diote sozialistek, eta "haritik tira" egiteko eskatu dio Ciutadansek Fiskaltzari.
Erredakzioa
Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren aurkako salaketa aurkeztu du PSOEk Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean. Kataluniako Gobernuan eman zituen urteetan ogasunari iruzur egin eta kapitalak zuritu izana leporatzen diote sozialistek.
Pujolek iragan ostiralean Kataluniako Parlamentuan agerraldia egin eta gero, salaketa aurkeztu du PSOEk.
"Nahiz eta Pujolen ibilbidean delituaren zantzuak izan, Ministerio Fiskalak legezkotasuna eta interes publikoa defendatzeko ekimenik ez du martxan jarri", azaldu du PSOEk testuan. Horregatik, salaketa aurkeztea erabaki dute.
Presidente ohiaren familiak iragan uztailean Andorrako banku batean 3,4 milioi euro sartu zituela zioten informazioak jaso ditu zortzi orrialdeko agirian, baita Jordi Pujolen adierazpenak ere, Ogasunari iruzur egin diola aitortu baitzuen. Halaber, Cristobal Montoro Ogasun ministroak Kongresuan egindako agerraldia ere aipatu dute salaketan.
Pujol 23 urtez Generalitateko presidente izan zela nabarmendu dute bertan. Ondorioz, iruzurrak "gutxienez 30 urteko iraupena" izan duela uste du PSOEk.
Albert Rivera Ciutadanseko buruzagia. Argazkia: EFE
Ciutadans
Era berean, Pujolen kontrako salaketa aurkeztu du Albert Rivera Ciutadanseko buruzagiak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean. "Ustelkeria politikoaren zantzuak ikusita, haritik tira" egiteko eskatu dio Riverak Fiskaltzari.
"Erantzunik aurkitu ez dugula ikusita, salaketa hau aurkeztu dugu Fiskaltzan, ustelkeria politikoaren zantzuak bistakoak direlako, eta ez bakarrik Pujol jaunak diputatuei azaldutako herentzia eta ipuinak", azaldu du.