Politika -

2015eko hauteskundeak

Jose Luis Bilbaok ez du ahaldun nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko

Hamabi urte eman ditu (hiru legealdi) Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundian. Unai Rementeria egungo Presidentetza diputatua izan daiteke Bilbaoren ondorengoa.

Bilbao ez da hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko

0:52

IKER GOMEZ / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbaok ez da berrautaketara aurkeztuko datorren urteko hauteskundeetan, Bilbaok berak Batzar Nagusietako osoko bilkuran iragarri duenez. Hamabi urte eman ditu (hiru legealdi) Jose Luis Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundian.

Politika orokorreko osoko bilkuran, Bilbaok esan du "lehenengo lerroko" kargu politikoa "egindakoaz harro" utziko duela, hamabi urteren ondoren "ez naizelako karguaz aprobetxatu ezta aberastu ere".

Izan ere, bere ondarea publikoki azaldu du gaur Bilbaok eta kargu publiko bat duten pertsona guztiek gauza bera egin beharko luketela gaineratu du.

Bere emaztearekin batera orain 21 urte erositako 500.000 euroko etxea, bi ibilgailu, 35.000 euro pentsio funts batean eta bi kontu-korrontetan 65.300 euroko ondorea dauka Jose Luis Bilbaok.

Zenbait hedabidek Bilbaoren azken legealdia izan litekeela argitaratu badute ere, gaur bertan iragarri du Bilbaok bere azken erabakia. Datorren astean, Itxaso Atutxak emango ditu jakitera Bizkaiko EAJren hautagai nagusien izenak.

Hemendik aurrera, bi dira argitu gabe dauden zalantzak. Aurrenekoa Itxaso Atutxak argituko du datorren astean: Bilbaoren ondorengoa eta, hortaz, Bizkaiko Aldundia gidatzeko EAJren hautagaiaren izena. Unai Rementeria egungo Presidentetza diputatua izango dela diote askok, baina datorren astera arte ez da ofizialki jakingo.

unai rementeria EFE

Unai Rementeria Presidentetza diputatua. Argazkia: EFE.

Bigarren zalantza, Jose Luis Bilbaoren etorkizun profesionalaren ingurukoa da. Hamabi urtez Bizkaiko ahaldun nagusia izan ondoren, ez du oraindik argitu bere etorkizuna zein izango den.

Batzar Nagusietan egin duten osoko bilkuran, bere ondarea zein den azaldu nahi izan du, "patrika gardenak dituen politikari zintzoa" dela erakusteko. "Kontzientzia garbi daukala" utziko du Aldundia, bere hitzetan.

Ana Madariaga eta Mikel Torresen agurrak

Jose Luis Bilbaoren agurraz gain, Mikel Torres ahaldun sozialistak eta Ana Madariaga Bizkaiko Ganberako presidente jeltzaleak ere iragarri dute ez direla berriro hautagai izango.

Ana Madariagak osoko bilkuraren bukaeran egin du iragarpena: "Batzar Nagusietako presidente moduan egingo dudan azken adierazpen publikoa da", esan du.

Mikel Torresek Bizkaiko Batzar Nagusietan duen eserlekua utziko du, Bizkaiko PSEren idazkari nagusi izateko. Torresen lekua Dulcina Pereiro sozialistak hartuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia