Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Urkulluk 'subiranotasun partekatua' eskatu dio Estatuari

Lehendakariak "aldebiko harreman eraginkorra" aldarrikatu du, eta Auzitegi Konstituzionalak "Kataluniako gizartearen borondatea" errespetatu ez izana kritikatu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Urkulluk 'subiranotasun partekatua' eskatu dio Rajoyri (gazteleraz)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak salatu duenez, Kataluniako auziak erakutsi egiten du Espainiako Gobernuak ez duela "borondate politikorik" Estatuaren "nazio aniztasuna" errespetatzeko. Horrenbestez, "euskal nazioa" aitortzea eta "aldebiko harreman eraginkorra" izatea eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.

Urkulluk "subiranotasun partekatua"ren alde egin du, "euskal herritarren eskubide historikoak oinarri", eta Konstituzioa erreformatuz erabakitzeko eskubidea "instituzionalizatzea" aldarrikatu du.

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Urkulluk hizpide hartu du Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako kontsulta bertan behera utzi izana, eta ez da harrituta agertu epaileak bizkor mugitu direlako. Lehendakariak "[Kataluniako] gizartearen borondatea errespetatu ez izana" eta legeak gizarte horren "borondatera eta errealitatera moldatu ez izana" deitoratu du.

Urkulluk legea alda daitekeela gogorarazi du, eta legeak "gauza guztien gainetik" baldin badaude, Gernikako Estatutua zergatik ez duen betetzen galdetu dio Estatuari.

Bake ponentzia

Bakegintzaren arloan, Legebiltzarreko taldeek bake eta bizikidetza ponentzia laster "berpiztea" espero du Urkulluk, Hasier Arraiz EH Bilduko ordezkariak 'zoru etikoa' bere egin dutela adierazi ondoren.

Koalizioari "indarkeria ekintza" guztiak "argi eta garbi" gaitzesteko eskatu dio Urkulluk eta iragan asteburuan jazotakoa (hiru autobus erre zituzten) "oso larritzat" jo du lehendakariak. "Gertakari isolatuak direla uste dut oraindik ere, baina ekintza guzti hauek gaitzespen argi eta irmoa izan behar dute", adierazi du.

Ezker abertzaleak "disidenteen" arazoa konpondu behar duela gaineratu du Urkulluk eta "terrorismoaren mehatxuak atzera bueltarik" ez daukala azpimarratu du. Hala ere, ETAk "desarme osoa" iragarri eta "egindako kaltearen onarpena" egin behar duela gogoratu du.

PSE-EErekin akordio gehiago adostearen alde

Bestalde, lehendakaria PSE-EErekin "akordio gehiago" adostearen alde azaldu da, eta "erakundeen egonkortasuna eta gobernagarritasuna" mantentzea eskatu du.

Horren esanetan, legegintzaldi honek "akordioena" izan behar du, eta une honetan Eusko Jaurlaritzak eta sozialistek sinatutakoak "egonkortasuna" ekarri duela nabarmendu du.

2015eko Aurrekontuak

Datorren urteko Aurrekontuak onartzeko, gainerako alderdi politikoekin akordioak adostea espero du Urkulluk. 2015ekoak "gure eskakizunen araberako" Aurrekontuak izango direla aurreratu du lehendakariak.

Espainiako Gobernuak funtzionario eta langile publikoen soldatak izoztu egingo dituztela adierazi du dagoeneko eta, Rajoyk legez arautzen baldin badu Euskadin ere "betebeharreko" neurria izango dela onartu du Urkulluk.

Jaurlaritzako egitasmoak "funtsezko zerbitzu publikoak" lehenetsi egingo ditu, Urkulluren hitzetan. Horrez gain, iruzur fiskalaren aurkako neurri gehiago jasoko dituzte 2015eko Aurrekontuetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak