Politika -
Kontsulta
Masek Konstituzionalaren abiadura 'supersonikoa' kritikatu du
Zalantzan jarri du Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen papera, PPko militante izan delako “denbora luzean”, eta Parlamentuak hura errefusatzea eskatu zuela gogorarazi du.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitatearen presidenteak gogor kritikatu du Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsultaren aurrean izan duen abiadura "supersonikoa".
Gaur arratsaldean adierazi du hori, Auzitegiak kontsulta bertan behera uztea erabaki aurretik, Trantsizio Nazionalerako Aholkularitza Kontseiluak (CATN) prozesuaren inguruan idatzi duen "Liburu Zuria"ren aurkezpenean.
Masek azaldu duenez, demokrazian lehenengo aldiz egin du Auzitegi Konstituzionalak aparteko bilkura helegiteak aurkeztu dituzten egunean bertan.
Bestalde, Masek zalantzan jarri du Francisco Perez de los Cobos auzitegiaren presidentearen inpartzialtasuna; izan ere, PPko militante izan delako "denbora luzean", Parlamentuak hura errefusatzea eskatu zuela gogorarazi du.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Ministroen Kontseiluaren ostean egin duen agerraldia dela eta, Masek ukatu egin du azaroaren 9koa ezkutuko erreferenduma izango dela.
Era berean, Konstituzionalak iritzia eman aurretik kontsulta legez kanpokoa dela esan izana kritikatu du, eta Generalitateak arauak mugarik gabe aldatzeko duen eskumena aldarrikatu du.
Gainera, Madrilgo Gobernuari proposatu dio berak galde diezaion kataluniarrei, baina aukera hori ere ez dutela aztertuko aitortu du: "Ez dute galdetzen, eta ez dute galdetzen uzten. Ziurrenik erantzunaren beldur dira".