Politika -

Azaroak 9

Kataluniako kontsulta aho batez bertan behera utzi du Konstituzionalak

"Espainiako zein Kataluniako gizartearentzat planteatutako gaiek duten garrantzia politiko eta konstituzionalaren jakitun da auzitegia", Konstituzionalak agiri batean azaldu duenez.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia: EiTB
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko irudia: EiTB
Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako kontsulta bertan behera utzi du

0:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako kontsulta aho batez bertan behera utzi du Auzitegi Konstituzionalak arratsaldean. Espainiako Gobernuak aurkeztutako bi helegiteak onartu ditu Konstituzionalaren osoko bilkurak.

Erabakia premiazko osoko bilkuran hartu dute. Behin-behineko baliogabetzea automatikoa izan da; izan ere, Gobernuak helegiteak aurkezten dituenean horrela aurreikusita dago.

Bost hilabete igaro baino lehen behin-behineko baliogabetzea luzatzeko edo bertan behera uzteko erabakia hartu beharko du epaitegiak, Konstituzionalaren Lege Organikoaren arabera.

Nahiz eta behin-behineko baliogabetzea erabaki, Konstituzionalak ez du deialdiaren legezkotasuna ebatzi.

Ebazpena ez atzeratzeko erabakia hartu du osoko bilkurak; izan ere, "Espainiako zein Kataluniako gizartearentzat planteatutako gaiek duten garrantzia politiko eta konstituzionalaren jakitun da auzitegia", Konstituzionalak agiri batean azaldu duenez.

"Helegiteak onartzeko baldintzak" betetzen zirela egiaztatzera mugatu dela azpimarratu du Konstituzionalak, "arazoaren mamia aztertu gabe".

Honenbestez, helegiteak onartu eta gero, "dekretu eta arauaren aplikazioan aurreikusitako ebazpen eta ekitaldiak" bertan behera geratzen dira, Auzitegi Konstituzionalaren arabera.

Helegite bakoitzeko probidentzia bat plazaratu du Konstituzionalak: kontsulten legea eta azaroaren 9ko deialdi dekretua.

Kontsulten legearen kasuan, erabakiaren berri eman die Konstituzionalak Generalitateari eta Kataluniako Parlamentuari. Horrela, bi erakundeek 15 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

Era berean, Kongresuari eta Senatuari helegiteak eta agiriak igorri dizkie Konstituzionalak.

Deialdiaren dekretuari dagokionez, 20 eguneko epea eman die Auzitegiak erakunde berdinei prozeduran aurkezteko.

Abiadura "supersonikoa"

Bestalde, Konstituzionalaren abiadura "supersonikoa" kritikatu du Artur Mas Kataluniako presidenteak. Zalantzan jarri du Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen papera, PPko militante izan delako "denbora luzean", eta Parlamentuak hura errefusatzea eskatu zuela gogorarazi du.

Rajoyren agerraldia

Marta Silva Estatuko abokatu nagusiak Auzitegi Konstituzionalean erregistratu ditu Gobernuak onartutako bi helegiteak.

Ministro Kontseiluak helegiteak onartzeko ezohiko bilera egin ondoren Rajoyk Moncloa Jauregian azaldu duenaren arabera, "ez dago ezer, inor, botererik edo erakunderik subiranotasun bakarra eta zatiezinaren printzipioa hautsi dezakeenik; gure elkarbizitza printzipio horretan oinarritzen da". Rajoyk esan duenez, "inork ez die espainiar guztiei herrialdearen izaera erabakitzeko eskubidea ukatuko".

"Beti esan dugu kontsulta ez dela egingo Konstituzioaren kontra eta espainiar guztien eskubideen kontra egiten du", azpimarratu du.

Gainera, Rajoyren esanetan, Artur Mas Generalitateko presidenteak deitutako kontsulta "demokraziaren kontrakoa" da.

Halaber, "legea errespetatuz eztabaidatzea" proposatu dio Masi, eta, zera gogorarazi dio: "Oraindik ere denbora dago norabidea zuzentzeko".

"Okerrena da hasieratik zekiela" zer gertatuko zen, esan du Rajoyk, eta bera Gobernuko presidentea den bitartean "legea bere osotasunean errespetatuko da", nabarmendu du.

Rajoyren arabera, Artur Masek defendatzen duen bozkatzeko eskubidea "demagogia" da, "itxura ona du", baina errealitatea bestelakoa da, "lege demokratikoa ez da askatasunaren kontrako muga bat, baizik eta guztion arteko berdintasunaren eta segurtasunaren bermea". "Lege barik ez dago demokraziarik", erantsi du.

Konstituzioaren balizko erreforma baten inguruan, Rajoyk adierazi du "gaur lehentasuna (Konstituzioa) defendatzea" dela, eta Konstituzioari esker Kataluniako Generalitateak "inoizko eskumen handienak" dituela azpimarratu du.

Manifestazioak

Astearte honetarako, 19:00tan, udaletxeen aurrean manifestazioak deitu ditu Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC), Konstituzionalaren erabakiaren aurka protesta egiteko.

Alderdikideek protestetan parte hartuko dutela uste dute CiUko iturriek; izan ere, orain arte udaletako zinegotziek babesa eman diete kontsulten aldeko ebazpenei.

"Kontsulta egitea eskatzeko mobilizazio guztietan parte hartuko" dutela azaldu du ICVk.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainia albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean