Politika -
Hong Kong
Hong Kongeko manifestariek protestari eusten diote
Txinako Gobernuak ez du baimenduko Hong Kongeko hurrengo agintaria hautaketa ireki bidez aukeratzea eta milaka herritar kalera atera dira protesta egitera.
Erredakzioa
Ehunka manifestarik Hong Kongeko Gobernuaren egoitzaren aurrean jarraitzen dute, agintariek eta protestaren deitzaileek disoluziorako deia egin badute ere. Izan ere, deitzaileak Poliziaren erantzun bortitzaren beldur dira.
Protestarako deia egin duen erakundeetako batek, Ikasleen Federazioak, protestaren disoluzioa eskatu du Twitterren: "Manifestariei erretiratzeko deia egiten diegu. Babestu zaitezte. Hau borroka luzea izango da", ohartarazi du. Deialdian parte hartu duen Occupy Central elkarteak ere antzeko mezua zabaldu du: "Hil ala biziko kontua da. Jendearen segurtasuna da gure lehentasuna", adierazi du Chan Kin Man taldeko bozeramaileetako batek. "Erretiratzeak ez du esan nahi protesta alde batera utziko dugunik", gaineratu du.
Leung Chung Ying Hong Kongeko gobernadoreak ere sakabanaketarako deia egin du "herritarren egunerokoa aztoratu ez dadin".
Poliziaren erantzuna
Hong Kongeko poliziak negarra eragiteko gasa bota du Gobernu egoitzaren aurrean bildu diren manifestariak sakabanatzeko. Hurrengo buruzagia modu demokratikoan aukeratzea aldarrikatzen dute manifestariek.
"Gizalegezko plaza" izenez ezaguna den gunea eta inguruko kaleak jendez husteko istiluen kontrako materiala erabili dute. Ostiral gauaz geroztik milaka pertsona elkartu dira inguru horretan eta desobedientzia zibilerako kanpaina abiatu dute.
Negarra eragiteko gasa bota ondoren manifestari askok atzera egin dute, baina gerora horietako asko tokira itzuli dira. Bakezalea den protestaren aurrean Poliziak modu basatian erantzun duela salatu dute zenbait manifestarik sare sozialetan.
Cy Leung Hong Kongeko Gobernuko ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur eta "legez kanpoko" protestatan ez parte hartzeko deia egin die hiritarrei eta Hong Kong erdiguneko "legez kanpoko okupazioa"ri amaiera emateko erabakia hartu dutela ohartarazi du.
Ikasleen Federazioak bere ekintzak gogortzeko mehatxua egin du, Poliziak manifestariak indarkeriaz sakabanatzen saiatu ostean. Irakasleen Sindikatuak, berriz, bihar greba hasiko dutela adierazi du Poliziaren jarrera salatzeko.
Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen astebeteko greba hasi zuten astelehenean eta asteari amaiera emateko ostiralean manifestazioa egin zuten Gobernuaren egoitzaren aurrean. Manifestazio horretan istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.
Manifestariak inguruetan mantendu ziren larunbatean eta igandean Benny Tai "Occupy Central" mugimenduko buruzagietako batek Pekinek onartutako hauteskunde erreformaren kontra desobedientzia zibilerako kanpaina abiatu dutela iragarri du.
Abuztuaren 31n Pekingo Gobernuak iragarri zuen ez zuela hautaketa irekia baimenduko Hong Kongeko hurrengo agintaria aukeratzeko. Txinako Gobernuak jakinarazi duenez, 2017ko hauteskundeak sufragio unibertsal bidez egingo dira, baina batzorde batek aurrez hautatako bizpahiru hautagairen artean aukeratu beharko dute herritarrek.