Politika -

Kataluniako kontsulta

Estatu Kontseiluak gaur aztertuko ditu kontsultaren aurkako helegiteak

Batzorde Iraunkorra arratsaldean bilduko da, Artur Mas Generalitateko presidenteak atzo kontsultaren deialdiaren dekretua sinatu eta gero.

Artur Mas eta Oriol Junqueras, Kontsulten Legea onartu eta gero. EFE
Artur Mas eta Oriol Junqueras, Kontsulten Legea onartu eta gero. EFE
Madrilen bide judiziala prestatzen ari dira

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Kontseilua gaur, igandea, bilduko da Batzorde Iraunkorrean, Gobernu zentralak Kataluniako Kontsulten Legearen eta kontsulta deialdiaren dekretuaren kontra jarriko dituen helegiteak aztertu eta horien inguruan ebazteko.

Erakunde horretako zenbait iturriren arabera, Batzorde Iraunkorrak arratsaldean egingo du bilera.

Aipatutako iturrien arabera, Estatu Kontseiluko lehen sekzioa -Landelino Lavillak gidatuta, eta horri dagokio txostenak idaztea- helegiteak aztertzen hasi da dagoeneko.

Gainera, Estatu Kontseiluak kontsulten legearen inguruan duen irizpidea "oso aurreratuta" dago, baina orain deialdiaren dekretua aztertu beharko dute, atzo Artur Mas Generalitateko presidenteak sinatu eta gero.

Sinadura

Masek atzo sinatu zuen azaroaren 9ko kontsulta deitzeko dekretua. Ondoren, adierazpen instituzionala egin zuen Generalitateko Areto Gotikoan.

Masen arabera, atzoko egunak "mugarria ezarriko" du, baina, era berean, kontsultaren antolakuntza elkarrekin negoziatzeko prest dagoela berretsi zion Gobernu zentralari.

Sinadura eta gero egindako hitzaldian Masek esan zuenez, "Kataluniak hitz egin, besteek entzutea eta bozkatu nahi du".

"Galdera, data eta esparru legala adosteko prestutasuna agertu dugu, eta jarrera horri eusten diogu kontsulta posible egiteko, baina ezin dugu legaltasunez jantzitako immobilismoan erori", gaineratu zuen Masek.

Masek dekretua sinatu bezain laster, Espainiako Gobernuak Estatuaren makinaria abian jarri du legeari aurre egiteko.

Gobernuaren erreakzioa

Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainiarreko presidenteordeak iragarri zuen Gobernuak txosten bat egitea eskatu diola Estatu Kontseiluari, Kataluniako Kontsulten Legearen eta deialdiaren dekretuaren kontrako helegitea aurkezteko helburuarekin.

Estatu Kontseiluak txostena egin ostean, Ministroen Bilera egingo dute, Mariano Rajoyk helegitea aurkeztu dezan, Auzitegi Konstituzionalean.

Mas, itxaropentsu

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa geldiaraziko balu ere, azkenean debekua bertan behera uzteko itxaropena agertu du Artur Mas Generalitateko presidenteak bartu.

TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan adierazi du ez dakiela Justiziak zer erabakiko duen: "Gauza bat da geldiaraztea eta beste bat azkenean debekua altxatzea eta egiteko aukera izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Kataluniako erreferenduma Espainia Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean