Politika -
Kontsultaren deialdia
Barregarri ez geratu eta kontsulta baimentzea eskatu dio EAJk Rajoyri
Rosa Diezek, bestalde, esan du Masek "burla egin" diola Konstituzioari. PSOEk baieztatu du ez dutela kontsulta egingo eta sozialistek dekretua "baliogabetzea" babestuko dutela.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak barregarri ez geratzeko eta, azaroaren 9an Katalunian egitekoa den kontsulta dela eta, Auzitegi Konstituzionalean helegitea ez aurkezteko eskatu dio. "Jendeak pentsatzen duena adierazi dezan", esan du.
Ortuzarrek bihar, igandea, urtero legez alderdiak ospatzen duen Alderdi Egunaren ibilbidea egin du gaur. Aurtengo leloa "120 urte bihotzean" da, ikurrina sortu zenetik 120. urte igaro dira eta.
Artur Mas Generalitateko presidenteak sinatutako dekretuaren inguruan, azaroaren 9ako kontsulta dela eta, Ortuzarrek esan du espero duela egun horretan herri kataluniarrak "bere etorkizuna modu demokratikoan erabaki dezan".
UPyD: "Masek burla egin du"
Rosa Diez UPyDk Kongresuan duen bozeramaleak, bestalde, esan du Masek "burla egin" diola Konstituzioari eta Demokraziari, deialdia eginda.
Rosa Diezek agerraldia egin du hedabideen aurrean, "batere ohoragarri" den Artur Masek sinatutako deialdia kritikatzeko. Diezek atzo Kataluniako Parlamentuan Jordi Puyolek egindako "desafioarekin" lotu du gaurko sinadura.
PSOE: "Ez da egingo"
Bestalde, Antonio Hernando PSOEren Kongresuko bozeramaleak baieztatu du kontsulta "ezin dela egingo" Konstituzioaren "kontra egiten" duelako eta, eta sozialistek dekretua "baliogabetzea" babestuko dutela adierazi du.
Hernandok ziurtatu egin die kazitariei Masek sinatutako deialdia "gobernu batek Espainian inoiz hartutako erabakirik larriena eta zuhurgabea" dela.