Politika -

Agerraldia Parlamentuan

Pujol: 'Ez naiz politikari ustela izan'

Aitarengandik jasotako diruaren jatorria ez zegoela erakunde publikoetan azpimarratu du. Haserre erantzun die alderdien ustelkeria salaketei.

Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia. EFE
Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia. EFE
Jordi Pujolek esan du sekula ez dela ''politikari ustela'' izan

1:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Pujol Kataluniako Generalitatearen presidente ohiak (CiU) Parlamentuan esan du sekula ez dela "politikari ustela" izan, eta gogorarazi duenez, aitak utzi zion oinordetza, atzerrian ezkutatu zuena, ez zen "diru publikoa".

Jordi Pujol bakarrik iritsi da Parlamentura, horrenbesteko ikusmina sortu duen agerraldia hasi baino bi ordu lehenago. Nuria de Gispert Parlamentuko presidenteak bilera gela utzi dio agerraldia presta zezan. Agerraldian, 34 urtez atzerrian gorde zuen dirutzaren inguruko azalpenak ematen ari da.

Parlamentuko Gai Instituzionalen Batzordean egindako agerraldiaren hasieran azaldu duenez, bere aita nor zen eta berekin ze harreman zuen azaltzea ezinbestekoa zaio, horrek "agerian uzten baitu ez dela ustelkeriarik izan". Ondoren, aitaren jatorriaz hitz egiten hasi da.

Era berean, atzerrian gordetako diruaren inguruko xehetasun guztiak emateko konpromisoa hartu du, familiaren "egoera judiziala" kontuan izan gabe. Hala ere,"oinordekotzaz baino gehiago, aitak utzitako ondareaz" hitz egin behar dela azpimarratu du.

Hala ere, Kataluniako presidente ohiak aitortu du dirua atzerrian izatea "kritikagarria" izan litekeela, baina ez duela esan nahi "legez kanpokoa" denik. Horren harira, funts horien jatorria ez dagoela "erakunde publikoetan" berretsi du.

"Beldurragatik"

CDCren fundatzailearen esanetan, Florenci Pujol aitak trantsizioarekiko zuen konpromiso politikoa "ukaezina" zen, eta diru hori "familiarentzat arriskutsua" zela iritzita, atzerrian gordetzea eta Marta Ferrusola emaztearen eta seme-alaben izenean jartzea erabaki zuen.

"Askotan pentsatzen da diruzalekeriagatik gordetzen dela dirua, baina batzuetan beldurragatik egiten da", eta azkeneko kasu hori omen da Jordi Pujolen aitarena.

Hori egiaztatzeko, aitak Marta Ferrusola emazteari bidali zion gutun bat irakurri du, eta bertan zihoen dirua senideentzat zela: "Jordik, zuk eta seme-alabek ihes egin behar duzuenerako".

Bestalde, Pujolek azpimarratu du dirua negozioetara bideratzeko aukera izan zuela, "finkak erosteko" adibidez, baina bere lehentasuna Kataluniaren alde lan egitea izan zela.

Kudeaketatik aparte

Pujolek esan du 1980an, aita hil zenean, atzerrian ezkutatzen zuen diru kopurua, beretzat eta familiarentzat zena, 140 milioi pezeta zirela, dolarretan.

Generalitatearen presidente ohiak argi adierazi nahi izan du sendiak atzerrian zuen diruaren kudeaketatik aparte egon dela beti, bai aitaren bi lagunek kudeatzen zutenean, baita diruaren kudeaketaren ardura semeetako batek hartu zuenenean ere.

Azaldu duenez, dirutzaren kudeaketa bi lagunen esku utzi zuen eta, ondoren, horietako batek (ez du izenik esan), kudeaketa Jordi Pujolen semeetako baten esku uztea aholkatu zuen.

"Kudeaketaz arduratzen zenak iradoki zuen nire semeetako baten esku uztea, eta beti egon naiz egin duenetik erabat aparte, are gehiago ordutik aurrera", adierazi du Pujolek, presidente ohi batek atzerrian dirua izateak duen "eragin txarra" aitortu aurretik.

Amaitzeko, buruzagi kataluniar ohiak esan du badakiela alderdi politikoek "kritika gogorrak" egingo dizkiotela, baina ez direla bere buruari egiten dizkionak "adinakoak" izango.

Erantzun beroa

Alderdien txandaren ostean, presidente ohiak berotasun handiz eta oso haserre erantzun die Parlamentuko taldeei, ustelkeria handia egin izana leporatu diotelako. Haren esanetan, "fribolitatea eta dena nahasteko gogoa" dago salaketa horien atzean.

"Dena horren ustela izan balitz, ez zen 23 urtez jarraitzeko aukerarik izango", adierazi du Pujolek, eta gaineratu du agerraldia atzerrian duen diruaz hitz egiteko zela eta ez presidente zeneko balizko ustelkeriaz.

"Esan diren gauza batzuengatik nago sututa", esan du Pujolek alderdiei erantzuteko tarte horretan.

Ukatu egin du Rajoyrekin hitz egin izana

Era berean, Jordi Pujolek ukatu egin du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin gaiaz hitz egin izana, eta hori zabaldu zenean "intoxikatzeko" asmoa zegoela salatu du: "Gezurra eta intoxikazio hutsa da. Hau ez da serioa".

"Ez da inolako elkarrizketarik izan honen aurrean zer egin edo nola konpondu ikusteko. Hori hala balitz, erruduna Rajoy litzateke, edo errudunetako bat gutxienez", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea