Politika -

Kataluniako Kontsulta

Rajoyk astelehenean onartuko du kontsultaren aurkako helegitea

Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak erreferendumaren deialdia sinatu eta bi egunera batzartuko da Espainiako Gobernua.

Txinan egiten ari den bidaia ofizialean egin du iragarpena Mariano Rajoyk. EFE
Txinan egiten ari den bidaia ofizialean egin du iragarpena Mariano Rajoyk. EFE
Dena prest bihar Artur Masek dekretua sinatzeko

1:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua astelehenean batzartuko da Kataluniako kontsulta independentistaren aurkako helegitea onartzeko, Mariano Rajoy gobernuburuak baieztatu duenez.

Hori horrela, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak erreferenduma deitzeko dekretua sinatu eta bi egunera onartuko du helegitea Espainiako Gobernuak. Txinan egiten ari den bidaia ofizialean egin du iragarpena Rajoyk.

Bihar bertan, Masek dekretua sinatu ondoren, Rajoyk txosten bat eskatuko dio Estatu Kontseiluari, eta astelehenean Ministroen Kontseilua bilduko du.

Gobernu bilera igandera aurreratzeko premiarik ez dagoela esan du Rajoyk.  Bere hitzetan, Masek ondo baino hobeto daki Espainiako Gobernuak zer neurri hartuko dituen, Rajoyk berak hasieratik gauzak garbi utzi baitizkio. Jakinaren gainean egonda, kontsulta egiteko asmoa aurrera eramatea ez dela zuzena esan du Espainiako presidenteak.

Txinako bi esaera-zahar erabili ditu Masi mezu zuzena helarazteko: "Ondoen itxitako atea zabalik utz daitekeena da", eta "Hobe da atzera egiten jakitea, bidean galtzea baino".

"Inork ezin du legea urratu eta herri baten subiranotasuna suntsitu. Hori ezin da, ez orain eta ez inoiz", gaineratu du.

Masek iazko abenduan galdeketa deituko zuela iragarri zuenetik, Rajoyk bere jarrera argi erakutsi duela eta jarrera horri eutsiko diola nabarmendu du; loturak eta mugak hautsiko dituen ekinbiderik ez dutela ametituko esan du.

Legea betetzea da aukera bakarra, Rajoyren esanetan. Eta Kataluniako gizarteak ere mendeetako loturaren alde egingo duela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Rajoy albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Kataluniako prozesua zuzenean