Politika -
Politika orokorreko eztabaida
Independentziarekiko jarrera argitzea eskatu dio Quirogak Urkulluri
‘’Zintzoa iruditzen ez zaidana da Legebiltzarrean eta hauteskunde kanpainan eztabaidari uko egitea eta, emaitzak jakin ostean, ukabila altxatu eta independentzia oihukatzea’’, esan du PPko buruak.
Erredakzioa
Independentziarekiko jarrera argitzea eskatu dio Arantza Quiroga Euskadiko PPko buruak Iñigo Urkullu lehendakariari. ‘’Zintzoa iruditzen ez zaidana da Eusko Legebiltzarrean eta hauteskunde kanpainan eztabaidari uko egitea eta, emaitzak jakin ostean, ukabila altxatu eta independentzia oihukatzea’’, esan du Quirogak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan.
Quirogaren hitzetan, lehendakaria da Euskadiren ekonomiak egun duen ‘’ezegonkortasunik handiena’’, herri eredua argi ez definitzeagatik. Hala, erronka luzatu dio PPko ordezkariak Urkulluri: hauteskunde programan independentzia argi planteatzea. ‘’Planteatu anbiguotasunik gabe. Lortu Kongresuaren baiezkoa, eta abiatu argumentuetan oinarritutako eztabaida; baina, beti kontuan izanda independentzia defendatzen ez duena ere euskal herritarra dela’’, esan du Quirogak. ‘’Euskal gizartearen gehiengoak ez du independentzia nahi’’, gaineratu du.
Heldutasuna
Euskadiko PPko buruaren aburuz, 35 urteren ondoren garaia da euskal politikak bere adinari dagokion heldutasunaz jardun dezan. ‘’Kexaren heldutasun falta oinarri hartuta ekin dakioke etorkizunari, edo heldutasunaz’’, hausnartu du. ''Jaurlaritzak heldutasun faltari heltzen dio'', esan du. ''Utzi alde batera konplexuak eta ekin elkarlanari Espainiarekin, hobe joango zaigu’’, adierazi du.
Urkulluren erantzuna
Legebiltzarreko taldeei zuzendutako erantzunen txandan, lehendakariak berretsi egin du Eskoziako erreferenduma prozesu demokratiko bikaina izan dela, eta Quirogari erantzunez, Urkulluk esan du eredu hori dela aldarrikatzen duena, baina ez ‘’aldarrikapena’’ bera, ‘’Eskoziako, Kataluniako eta bertako errealitateak erabat propioak direlako’’. PPko Euskadiko bururi, halaber, eskatu egin dio Gernikako Estatutua betetzea Madrilen defenda dezan.