Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
Oposizioak 'zehaztasun eta lidergo falta' egotzi dizkio Urkulluri
Autogobernuaren auzian, lehendakaria "txikira jokatzen" ari dela deitoratu du EH Bilduk. PSOEk, PPk eta UPyDk, bestalde, "herritarren arazoak ez konpontzea" leporatu diote.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean oposizioa osatzen duten alderdiek Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko Eztabaidan egindako hitzaldia kritikatu dute. Besteak beste, "zehaztasun eta lidergo falta" eta herritarren arazoak ez konpontzea egotzi diote.
Joseba Egibar EAJren bozeramailea izan da lehendakariaren berbak babesten bakarra. Egibarren hitzetan, "errealista, lasaia, ausarta eta euskal gizartearen arazoekin arduratuta" agertu da Urkullu.
Eledun jeltzalearen aburuz, egoera ekonomikoaren eta aurrekontuen kontura Urkulluk "egia esan du, ez da ezkutatu”.
Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza lantaldea hizpide hartuta, Egibarrek ez atzera ez aurrera egotea egotzi die EH Bilduri eta Alderdi Popularrari. Izan ere, Egibarren esanetan, "batzuk iraganak geldiarazten ditu eta beste batzuek etorkizunari diote beldur", eta horrek denak "oraina blokeatzen du", erantsi du.
Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, lehendakariari "lidergo falta" dario eta haren jarrera "enpresa baten gerentearen antzekoa" dela kritikatu du.
Artur Mas Kataluniako presidentea edo Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa ez bezala, Urkullu "txikira jokatzen ari da", Urruzunoren ustez. Haratago joan da bozeramaile abertzalea, eta lehendakaria Estatuarekin akordioa lortu nahian dabilela salatu du.
Kritiko agertu da Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea ere, herritarren benetako arazoak zelan konponduko dituen argitu ez duela azpimarratu du eta. Autogobernua zelan sakonduko duen ere zehazteke utzi du lehendakariak, betiere bozeramaile sozialistaren arabera.
Borja Semper Alderdi Popularreko bozeramailearen ustez, Urkulluren hitzaldia "laua eta etsigarria" izan da, "eufemismoen politika" alde batera utzi ez, eta independentziaren aldekoa den edo ez argitu ez duelako.
Gorka Maneirok (UPyD) agertu duenez, lehendakariak "ez ditu herritarren arazoak konpontzen, aitzitik, arazo gehiago eragin nahi dizkie".