Politika -

Biografia

Ruiz-Gallardon, PPko "bertso askea"

Jose Maria Ruiz Gallardon politikari kontserbadorearen semea da. 18 urte zituela Aliantza Popularrean sartu zen eta 1983an aurreneko kargu politikoa (zinegotzia) hartu zuen Madrilgo Udalean.

Alberto Ruiz-Gallardon Jimenez. Argazkia: EFE
Alberto Ruiz-Gallardon Jimenez. Argazkia: EFE
Alberto Ruiz-Gallardon Jimenez. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Ruiz-Gallardon Jimenezek bere ibilbide politikoa PPko "bertso aske" bezala egin du Madrilgo alkate (2003-2011) zein Madrilgo presidente (1995-2003) gisa. 2011n Espainiako Gobernura heldu zen.

Maria del Mar Utrerarekin ezkonduta dago eta lau seme-alaba ditu. 1958ko abenduaren 11n jaio zen eta Zuzenbidean (1980) lizentziatua da San Pablo Unibertsitatean (CEU). Karrera fiskalean oposaketa bidez sartu zen, baina eszedentzia eskatu zuen.

Jose Maria Ruiz Gallardon abokatu eta politikari kontserbadorearen semea da. 18 urte zituela Aliantza Popularrean sartu zen eta 1983an, 25 urte zituela, aurreneko kargu politikoa (zinegotzia) hartu zuen Madrilgo Udalean.

Ondoren, Madrilgo Asanbladan eserlekua (diputatua) lortu zuen 1987ko hauteskundeetan. Legealdi horretan PPko bozeramailea izan zen, oposizioan.

1987ko uztailean senatari izendatu zuten, Madrilgo Parlamentuak proposatuta. 1989ko eta 1993ko hauteskunde orokorretan senatari gisa errepikatu zuen Gallardonek.

Madrilgo presidentea izateko hautagaia izan zen 1991ean, baina nahiz eta PPk 47 diputatu eskuratu eta sozialistek 41, PSOE-IU itunak boteretik at utzi zuen.

1993ra arte PPko bozeramailea eta presidentea izan zen Asanbladan. 1993an bozeramaile izaten jarraitu zuen, baina Senatuan.

Madrilgo presidentea eta alkatea

1995eko maiatzaren 28an gehiengo absolutua lortu zuen erkidegoan eta Madrilgo presidente izendatu zuten ekainaren 28an. Hurrengo egunean senatari kargua utzi zuen. 1999an presidente izendatu zuten berriro; izan ere, PPk berriz gehiengo absolutua lortu zuen.

2003ko maiatzean, udal-hauteskundeetan, gehiengoa absolutua lortu zuen PPko hautagaiak. Horrela, ekainaren 14an Madrilgo alkate izendatu zuten.

2007an berriro alkate aukeratu zuten, gehiengo absolutu zabal batekin. 2011n gehiengo osoa lortu zuen berriz, eta hirugarren aldiz jarraian alkate izendatu zuten.

Justizia ministroa

2011ko azaroaren 20an, hauteskunde orokorretan, diputatu akta lortu zuen eta Justizia ministro izendatu zuen Mariano Rajoy Gobernuko presidente berriak.

Abenduaren 22an kargua zin egin zuen Gallardonek eta agintaldian Zigor Kodearen eta Abortuaren Legearen erreformak bultzatu ditu.

Gainera, 2012ko abenduaren 17an tasa judizial berriak indarrean sartu ziren eta 2013ko ekainean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erreforma onartu zuen Kongresuak.

Bere ibilbide politikoa hasi zuenetik Manuel Fraga gertu izan du Gallardonek. Aliantza Popularreko idazkari nagusia (1986ko iraila) eta presidenteorde eta bozeramailea (1987-1988) izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea