Politika -

Krisia Espainiako Gobernuan

Politikagintza utziko duela iragarri du Gallardonek

Justizia ministroak kargua utzi du. "Ez naiz Ministroen Kontseiluan onartutako lege aurreproiektua lege-proiektu bihurtzeko gai izan; Gobernuaren konpromisoa ez dut bete", adierazi du.

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa. Argazkia: EiTB
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa. Argazkia: EiTB
Ruiz-Gallardonek dimisioa aurkeztu, eta politikagintza utziko du

3:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak kargua utzi du, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Abortuaren Legea gaur bertan behera utzi eta gero.

Gobernuko presidenteari erabakiaren berri iragan astean eman ziola azaldu du Gallardonek Justizia Ministerioaren egoitzan.

"Ez naiz Ministroen Kontseiluan onartutako lege aurreproiektua lege-proiektu bihurtzeko gai izan; Gobernuaren konpromisoa ez dut bete", adierazi du Gallardonek agerraldian.

Era berean, politikagintza utziko duela iragarri du Ruiz-Gallardonek 30 urte lanean eman eta gero. Horrela, Kongresuko eserlekua lagako duela esan du.

Alderdi Popularrean dituen kargu guztiak utziko dituela azaldu du. Gallardon PPren zuzendaritzako kidea da.

"Soilik Justizia Ministerioa uzteko erabakia ez da gaurkoa, politikagintza utziko dut 30 urte eta gero", adierazi du.

Alderdiko karguak uzteko erabakia datozen egunetan Rajoyri jakinaraziko diola esan du ministroak, baina militantzia lagako ez duela argi utzi du.

"Erantzukizun politikoko kargurik" hartuko ez duela azpimarratu du Ruiz-Gallardonek, "Madrilgo Alkatetzan, Madrilgo Erkidegoaren Presidentetzan eta Justizia Ministerioan izan eta gero". "Nire bizitza politikoa amaitutzat eman behar dut", nabarmendu du.

Rafael Catala Polo izango da Justizia ministro berria, gaur egun arte Azpiegituren Estatu idazkaria izan dena, Gobernuko Presidentetzak jakitera eman duenez. Rajoyk arratsaldean bertan onartu du Alberto Ruiz-Gallardonen dimisioa.

Alberto Ruiz Gallardon efe

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa. Argazkia: EFE

"Atsekabetuta" alde egiten ez duela ziurtatu du Gallardonek. "Eskerrak" emateko hurbildu zaizkion pertsona anonimo guztiei eskerrak eman dizkie ministroak. "Ez dut inolako oroimen negatiborik inorentzako eta ezerentzako", esan du.

Katalunia

Bestalde, Estatuko Abokatutzak Kataluniako kontsulten legearen eta azaroaren 9ko deialdiaren aurka Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu beharreko bi helegiteak idatzita daudela adierazi du Justizia ministroak.

Gallardonen hitzetan, dagoeneko Kataluniako Parlamentuak kontsulten legea onartu du eta ezin da aldatu, nahiz eta Artur Mas Generalitateko presidenteak sinatzeko 15 eguneko epea izan. "Argitalpen datak ez du helegitearen edukia aldatuko", zehaztu du.

Dimisioa iragan astean aurkeztu zuen, baina ez zuen Ministerioa utzi nahi "eginda zegoen zerbatik bukatu baino lehen, kontsulten legearen eta deialdi dekretuaren aurkako helegiteak, alegia", gaineratu du Gallardonek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea