Politika -

Segi-ren kontrako epaiketa

Loiolan atxilotutako gazteak Soto del Realeko espetxera bidali dituzte

Epaiketak aurrera jarraitu du astearte honetan akusatu gehiagoren testigantzarekin. Segiko kideak direnik ukatu dute akusatuek, eta euren aitorpenak torturapean lortu zituztela argudiatu dute.

Auzitegi Nazionalak kartzelara bidali ditu Loiolako 5 atxilotuak

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean Loiolan, Aske Gunean atxilotutako bost gazteak kartzelatzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak, epaiketaren lehen saiora azaldu ez zirelako. Segikoak izatea egotzita, 28 gazteren kontra Madrilen, Auzitegi Nazionalak duen egoitzan, egiten ari diren epaiketan hartu du erabakia, Fiskaltzak hala eskatuta.

Epaiketak aurrera jarraitu du gaur akusatu gehiagoren testigantzarekin. Auzipetuak elastiko laranjekin jantzita agertu dira gaurkoan ere.

Liskarren bat berriro gertatzen baldin bada epaiketa bertan behera utziko duela ohartarazi du epaimahaiko presidenteak.

Segiko kideak direnik ukatu dute akusatuek, eta euren aitorpenak torturapean lortu zituztela argudiatu dute. Abokatuen galderei erantzun diete, baina fiskalaren galderak erantzuteari uko egin diote.

Algortako (Bizkaia) ikastola batean irakaslea dela azaldu du Imanol Beristain Gutierrezek. 8-12 urteko haurrei eskola ematen diela erantsi du. Bilerak Segirenak ez zirela esan du, euskararen eta Euskal Herriarentzat hezkuntza eredu propioa lortzeko militantzian kokatu ditu. LAB sindikatuko kidea dela erantsi du.

Sestaoko (Bizkaia) jaien batzordeko konpartsa batean parte hartzen zuela ziurtatu du Ruben Villa Esnaolak. Era berean, mobilizazio politikoetan parte hartu duela onartu du, ideologia abertzalea duelako.

"Ez naiz erakunde terrorista bateko kidea izan. Nire herria askatzeko lan egin dut", adierazi du Xabat Moran Ruizek.

"Euskal Herriaren askatasuna lortzeko independentziaren aldeko asanbladetan" parte hartu duela esan du Ainara Ladron Urbietak.

Segi Auzitegi Nazionala efe

Epaiketa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

'Loiolako bostak'

Xabier Arina Etxarte, Imanol Salinas Ijurco, Irati Tobar Eguzkitza, Jazint Ramirez eta Igarki Robles dira astelehenean Loiolan atxilotutakoak. Gauean Soto del Realeko espetxera eraman dituzte, eta bertatik egunero eramango dituzte Auzitegi Nazionaleko ahozko saioetara.

Xabier Arina aztertu du auzitegiko medikuak gaur, haren abokatuak eskatuta; izan ere, belarrietan kolpeak eta odola zituen.

Astelehen gauean atxilotu zituen Ertzaintzak, Loiolan antolatutako 'Aske Gunea'n. Astearte goizean eraman dituzte San Fernando de Henaresera, Madrilera, epaiketara.

Angela Murillo epaileak bostak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen atzo, eta ohartarazi zien lehenengo saioan ez bertaratzeagatik, aurrerantzean kartzelan egon beharko zutela prozesu judizialak irauten zuen bitartean, abendua arte gutxi gora-behera.

Fiskaltzaren eskaria

Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalak bere eskarian zehaztu duenez, 'delituaren larritasuna' hartu behar da kontuan; atzo epaiketara ez agertzea ez dagoela justifikatuta eta 'ihes egiteko' arriskua dagoela gaineratu du. Hori dela eta, behin-behinean espetxera bidaltzeko eskaria aurkeztu dio epaileari.

Akusatuen abokatuek adierazi dutenez, ez zegoen ihes egiteko arriskurik: bost gazteak atzo, goizean goizetik, toki jakin batean zeuden, aurkitzeko moduan, ezkutatu gabe. Epaiketa salatzeko antolatu zen protesta publiko batean zeudela nabarmendu dute.

Angela Murillok argi utzi du Auzitegiari berdin zaiola parte hartu zuten ekitaldia protesta izatea.

Akusatu bakoitzarentzako sei urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak.

Atxiloketa

Ertzaintzak 30 bat dotazio bidali zituen astelehenean Loiolara, bost gazteak atxilotzera. 18:45 inguruan iritsi ziren. Ehunka gazte zeuden bertan, auzipetuei babesa emateko antolatutako Aske Gunean. Auzitegi Nazionalaren agindua irakurri zieten bertan zeudenei ertzainek, eta, ondoren, protestan parte hartzen ari ziren gazteak identifikatzen hasi ziren, banan-banan. Aurpegia estalita zuten gazteek, eta horrek identifikazio lana zaildu zuen. Tentsio une gogorrak bizi izan ziren. Aske Guneak salatu zuenez, Ertzaintzak ‘indarkeria’ erabili zuen gazteen kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea