Politika -

Administrazioaren erreforma

Madrilek autonomien 'inboluzioa' nahi duela salatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, zalantzan jartzen dituzte "etengabe" EAEren eskumenak, "krisiaren eta sektore publikoaren erreformaren aitzakiapean".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.
'Gobernuak autonomien estatuaren inboluzioa nahi du'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak "autonomien Estatuak atzera egitea eta ahultzea" nahi duela salatu du Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, horren esanetan, Mariano Rajoyren Exekutiboa EAEren eskuduntzak "zalantzan jartzen ari da une oro", "krisia eta sektore publikoaren tamaina murriztu behar dela aitzakia hartuta".

Jaurlaritzak txosten bat onartu du gaur, Gobernu Kontseiluan, Administrazio Publikoak Erreformatzeko Batzordeak bikoiztasunei buruz egindakoari erantzuna emateko, Josu Erkoreka bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Txosten horretan (200 orrialde eta 96 alegazio ditu), Gasteizko Gobernuak kritikatu egin du aipatu batzordearen ondorioak "partzialak" direla, EAE "aginte zentralaren laguntzailea" balitz bezala aipatzen baitu.

"Espainiako Gobernuak ez ditu Estatu elkartu baten joko-arauak errespetatzen, eta zalantzan jartzen du une oro euskal autogobernua", Jaurlaritzak ohartarazi duenez. Gainera, Estatuari "besteena partekatu nahi izatea eta propio denari eutsi nahi izatea" leporatu dio.

Erkorekak ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak proposatzen duen "birzentralizazio prozesua frankismoan ere ez zen ikusi", eta "Gernikako Estatutuak berak aitortutako autogobernua zalantzan jartzen du". Hori dela eta, Madrilek "autonomien boterea txikitu" nahi duela salatu du.

Gaur kaleratu duten txostenean jasotakoaren arabera, Estatuak "bere nagusitasuna indartu" nahi du eta, horretarako, "deszentralizazioaren irudi txarra zabaltzen du herritarren aurrean".

Alegazioetan, Jaurlaritzak argi adierazi du ez diela uko egingo Estatutuan agertzen diren edo Lurralde Historikoen Legeak ezartzen dituen erakundeei.

Hala, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, Arartekoari, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzordeari, Datuen Babeserako Agentziari eta Euskalmeti eusteko asmoa agertu du, Madrilek zalantzan jarri baditu ere.

Horren harira, Jaurlaritzak kritikatu du Administrazio Publikoaren txostenean ez dela inon esaten Estatuaren erakundeak direla bikoiztasunak sortzen dituztenak, beti erkidegoetakoei egozten zaiela errua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea