Politika -

Loiolako 'Aske Gunea'

Auzitegi Nazionalera joan ez diren 5 gazteak atxilotu ditu Ertzaintzak

Ehunka pertsonek "herri harresia" osatu dute Loiolako Basilikako eskaileratan, bertan ziren bost auzipetuak babesteko.

Loiolako herri harresia desegiten hasi da Ertzaintza. Argazkia: EFE
Loiolako herri harresia desegiten hasi da Ertzaintza. Argazkia: EFE
Ertzaintzak banan-banan atera ditu 'herri harresia'ren gazteak

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalean Segiko kide izatea leporatuta 28 gazteren kontra egiten ari diren epaiketara joan ez diren bost gazteak atxilotu ditu gaur gauean Ertzaintzak, Azpeitian, Loiolako 'Aske Gunea'n, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Atxilotutako gazteak Imanol Salinas, Xabier Arina, Jazint Ramirez, Irati Tobar eta Igarki Robles dira.

Ertzaintzako furgoneta ugari 18:40 aldera heldu dira Loiolako Basilikara. Ehunka pertsonek "herri harresia" osatu dute Basilikako eskaileretan atxiloketak eragozteko.

Ertzainak oihuekin hartu dituzte manifestariek Loiolan: "utzi bakean euskal gazteria", "guk amodioaren truke, zuek diruaren truke" edo "ez dira pasako".

Bi lagun atxilotu dituzte ertzain bati eraso egiteagatik. Ertzaina zauritu dute eta Zumarragako ospitalera eraman behar izan dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez

Atxiloketak 20:00ak aldera egin dituzte Ertzaintza manifestariak identifikatzen hasi denean.

Bestalde, Ertzaintzaren "bortizkeria" salatu du 'Aske Gunea'k sare sozialetan. Zenbait manifestari zauritu dituztela azaldu du 'Aske Gunea'k. "Atzamarren, sudurren, ukondoen eta eskumuturren bihurritzeak", salatu dituzte. Manifestari batzuk "lurretik arrastaka eraman" dituztela erantsi dute.

Ertzain zauritua Loiola Segi efe

Ertzain zauritua. Argazkia: EFE

Zenbait pertsona identifikatu dituzte ertzainek eta desobedientzia delitu bat egotzita gutxienez lagun bat inputatu dute.

Operazioak bi ordu eta erdiko iraupena izan du; izan ere, ehunka lagunek 'herri harresia' osatu dute Basilikako eskaileretan bost auzipetuak babesteko.

Manifestariek maskarak, mozorroak eta ileordeak jantzi dituzte. Mozorroek identifikazioa zaildu dute eta atxiloketak atzeratu dituzte.

Dozenaka manifestari atera eta gero, bost auzipetuak atxilotzea lortu dute ertzainek, horietako azkena, Irati Tobar, 21:15ean.

Tentsioa

Ertzaintzak atxilotuak Loiolatik eraman dituenean tentsio uneak bizi izan dira eta istiluen kontrako materiala erabili dute ertzainek.

Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkidea liskarrak eragozteko bitarteko izaten saiatu da.

Segi Loiola Ertzaintza efe

Ertzaintza 'herri harresia' desegiten. Argazkia: EFE

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Angela Murillo epaileak bertan behera utzi du, behin-behinean, Segiko kide izatea egotzita 28 gazteren kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean, auzipetuak protesta kartelak erakusten hasi direnean, baina 45 minutu geroago berrabiarazi dute auzi saioa.

Auzipetuen galdeketekin hasi da ahozko saioa, eta auzipetuen lagunek eta senideek ezingo dute epaitegian sartu aste osoan, epaileak, epaiketa bertan behera utzi ostean, hala aginduta.

Epaiketa bigarren aldiz hasi denean ekin diote galdeketari, eta auzipetuek defentsaren galderei soilik erantzutea erabaki dute. Tortura salaketak eta inkomunikazio aldian egindako aitortzak ukatzen ari dira.

28 auzipetuetako 5 ez dira bertaratu, eta Loiolan antolatutako 'Aske Gunea'n geratu dira. Hori horrela, Angela Murillo buru duen auzitegiak bostak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du. Bost horiek Jazint Ramirez Cruz, Xabier Arina, Imanol Salinas, Irati Tobar eta Igarki Robles dira, eta epaiketak irauten duen bitartean, abendura arte gutxi gorabehera, preso egon beharko dutela ohartarazi du epaileak. Izan ere, epaiketan agertu ez izanak ihes egiteko arriskua dagoela erakusten duela iritzi dio Murillok.

Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, talde terroristako kide izatea leporatuta.

'Aske Gunea', Loiolan

Epaiketan bertaratu ez diren auzipetuek prentsaurrekoa eman dute Loiolako 'Aske Gune'tik, eta iragarri dutenez, "gure ekarpen txikia egin nahi diogu gaur hasi den epaiketari, Euskal Herriko herritarren kontrako epaiketak amai daitezen eta irtenbidea lortzeko bidean jar gaitezen".

"Umiltasunetik, baina gure ekarpena egin nahi dugu 'Aske Gunea'rekin. Euskal Herrian epaiketak amaitzeko, gatazkari irtenbidea emateko, Espainiako eta Frantziako estatuen oztopoei aurre egiteko, eta prozesu demokratikoa sustatzeko herri harresia indartu nahi dugu", azaldu dute.

"Auzipetuok, 28ok, badakigu epaituko gaituztela, epaiketa ez dutela bertan behera utziko, baina gure ekimenak etorkizunean egin nahi dituzten epaiketa politikoak geldiarazi nahi ditu, zeren nazkatuta baikaude, eta euskal herritar guztiei eskatzen diegu Loiolara etorri eta bakoitzak bere alorretik ekarpenak egin ditzala", gaineratu dute.

Aske Gunea, Azpeitia, iturria: Twitter

Iturria: Aske Gunea

40 gazte absolbituta

Auzitegi Nazionalak urria eta otsaila bitartean epaitutako 40 gazte absolbitu zituen. Legez kanpo utzitako Segi taldeko kide izatea leporatzen zieten gazteei, baina, Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin edo kale borrokarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea