Politika -
Euskal sozialistak
Batasuna eta berrikuntza aldarrikatu dituzte PSEko idazkari berriek
Datozen kongresuak koordinatzeko bilera egin dute Idoia Mendiak, Mikel Torresek (Bizkaia), Iñaki Arriolak (Gipuzkoa) eta Cristina Gonzalezek (Araba) Bilbon.
Erredakzioa
PSE-EEko idazkari nagusi berriek batasuna eta berrikuntza eskatu dituzte gaur, euskal sozialismoaren "garai berriari" aurre egiteko. Lau ordezkariak astearteko barne-hauteskundeetan aukeratu zituzten alderdikideek.
Euskadiko eta probintzietako kongresuak koordinatzeko bilera egin dute gaur, Bilbon, Idoia Mendiak, Mikel Torresek (Bizkaia), Iñaki Arriolak (Gipuzkoa) eta Cristina Gonzalezek (Araba). Bilera amaitu eta gero, "batasun irudia" eman dute buruzagi sozialistek komunikabideen aurrean.
PSE-EEren "erronkak" hizpide izan dituzte agintari sozialistek. Lehentxeago, garai berri bat hasten dela azaldu du Mendiak EiTBko bi irratietan. "Epe berriak pertsona berriekin egin behar dira", adierazi du PSEko idazkari nagusi berriak.
Alderdiko zuzendaritzan egingo dituen aldaketak ez ditu zehaztu Mendiak, baina orain arte "bigarren maila batean izan direnak lehen mailara" pasako direla iragarri du. Hala ere, "aurpegi ez hain berriek" jarraituko dutela onartu du.
Eguigurenek ez du errepikatuko
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak karguan jarraituko ez duela aditzera eman du Mendiak. "Bera ordezkatzeko pertsona bat aurkitzea zaila da", erantsi du. Alderdiko presidentearen figura "beharrezkoa" ez dela uste du idazkari nagusiak.
Bestalde, zuzendaritza "indartsu eta barnerakoia" osatuko duela azaldu du Torresek prentsaurrekoan. Iñaki Egañaren hautagaitzak ordezkaritza izatea nahi du, "laguna" duelako eta "batera lanean jarraituko dutelako, ez da arazorik egongo".
Zentzu horretan, arlo ezberdinetan funtzioak betetzeko pertsona egokienak hautatuko dituela aurreratu du Cristina Gonzalezek, asteartean bozkatutakoa kontuan hartu gabe.