Politika -
Radio Euskadi
Mendia: 'Eskuak aske ditugu'
EAJrekin hitzarmenak ixteko prest legokeen galdetuta, PSEren idazkari nagusiak esan du jeltzaleen proposamenetan herritarren beharrak lehen lerroan baldin badaude sozialisten babesa izango dutela.
Idoia Alberdi | EITB.EUS
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi izendatu berria pozik agertu da atzoko barne-hauteskundeetan jaso zuen babesarekin. "Militanteen hamarretik zazpik parte hartu zuen bozketan; parte-hartzea oso handia izan da, batez ere, ohiko hauteskundeetan izaten den parte-hartze maila kontuan hartuta", esan du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Mendiak adierazi du bere helburu nagusia "herritarren beharrei erantzutea" dela; etxebizitza eta langabezia aipatu ditu lehentasun bezala.
EAJrekin aurrerantzean izango dituzten lan-lerroei buruz galdetuta, berriz, PSEk "eskuak aske" dituela edozein erabaki hartzeko zehaztu du. "Adibidez, datorren urteko aurrekontuetan Jaurlaritzak herritarren arazoak lehen lerroan kokatzen baditu gure babesa izango du. Guk eskuak aske ditugu. Politika Orokorreko Eztabaida aprobetxatuko dut lehendakariari PSEren lehentasunak helarazteko", gaineratu du.
Iaz, hainbat alorren inguruan EAJrekin adostutako hitzarmena ere izan du hizpide Mendiak; iruzurrari aurre egiteko neurriak eta fiskalitatea, ekonomia eta lana sustatzeko plana adostu zituzten, besteak beste. Buruzagi sozialistaren aburuz, "PSEk bete du dagokion partea", fiskalitate berria garatuz eta mahai gainean erreminta berriak jarriz. "Jaurlaritzari ideia berriak jarri genizkion mahai gainean eta gure hitza bete dugu. 2016ra arte dago indarrean hitzarmen hura; hainbat urtetarako inbertsioak daude jasota, baina guk eskuak aske ditugu edozertarako, betiere, herritarren beharrak lehen lerroan jarrita". Horiek horrela, Mendiak gaineratu du sozialistak hitz egiteko prest leudekeela Jaurlaritzak 2015erako aurkeztuko duen aurrekontu egitasmoan herritarrak erdigunean baldin badaude, "bestela, ez".
Eskozia
Autogobernua edo independentzia ez daude PSEren lehentasunen zerrendan, eta, beraz, Eskozian gertatuko dena ez zaie axola. "Eskozian gertatuko dena da azkena interesatzen zaiguna", esan du. Mendiaren arabera, herritarrekin parez pare bizi behar dute politikariek eta "kalean ez da erabakitze eskubideari buruz edota Eskoziako galdeketari buruz hitz egiten, ez dira herritarren kezkak". Euskal sozialisten buruak uste du Eskozia ez dela eredua ez Euskadirentzat ez Kataluniarentzat, "gizartearen zatiketa" dakarren eredua delako. "Elkarbizitzarako proposamenak egitea dagokigu politikarioi. Akordioak bilatu behar ditugu, eraiki egin behar dugu. Gizartea erabaki bat hartzera behartzea ez da ona. Eskozian ere, zauriak utziko ditu galdeketa honek, seguru".
Lan eredu berriak
PSEren egitura eta antolaketa berria oraindik zehazteke dauden arren, Mendiak esan du lan egiteko modu berri bat baduela pentsatuta, "politika eraginkorragoa" egiteko. Zuzendaritza talde berriaren eginkizunak beste modu batera antolatu nahi ditu, eta ardurak modu zehatzean banatu. Helburua, horren hitzetan, egiten duten lan guztiaren inguruko informazioa zabaltzea eta herritarrei helaraztea da. "Militanteei zor diegu, botoa eman digutenei. Horretarako, ardurak ondo zehaztu behar dira", esan du.