Politika -

PSE-ren barne hauteskundeak

Primarioak 'sendotzeko' botoa emateko eskatu die Mendiak sozialistei

Abandoko talde sozialistaren hautestontzian eman du botoa Mendiak. 70 hautesleku zabaldu dituzte gaur goizean sozialisten egoitzetan; 42 Bizkaian, 29 Gipuzkoan eta 9 Araban.

Idoia Mendiak Abandon eman du botoa
Idoia Mendiak Abandon eman du botoa
Idoia Mendiak bozkatzeko deia egin die PSEko alderdikideei

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendiak, PSE-EEko idazkari nagusirako hautagai bakarrak, botoa emateko deia egin die euskal sozialistei gaur, alderdiko hauteskunde primarioak egiten ari diren egunean. Botoen bidez, primarioak sendotuko direla eta aukeratutako hautagaiei babesa adieraziko zaiela esan du.

Abandoko talde sozialistaren hautetsontzian eman du botoa Mendiak. "Oso garrantzitsua da gure botoarekin guztiz demokratikoa den parte-hartze prozesu honi balioa ematea", adierazi du.

PSE-EEko antolakuntza taldeak jakitera eman duenez,  70 hautesleku zabaldu dituzte gaur goizean: 42 Bizkaian, 29 Gipuzkoan eta 9 Araban. 10:00etan ekin diote bozketari, eta normaltasun osoz ari dira sozialistak euren boza ematen.

5.351 afiliatuk dute botoa emateko aukera; 2.892k Bizkaian, 1.602k Gipuzkoan eta 756k Araban. Aurreko egunetan, 217 militantek (afiliatuen % 4,05ek) eman dute botoa.

PSE-EEren buru izateko hautagai bakarra da Mendia, eta Gipuzkoan ere hautagai bakarra aurkeztu da: Iñaki Arriola. Bizkaian eta Araban, berriz, bina hautagaitza dituzte aukeratzeko: bizkaitarrek Mikel Torresen eta Iñaki Egañaren artean egin beharko dute aukera, eta arabarrek Ivan Ruiz de Eguilarren eta Cristina Gonzalezen artean.

Hautagai guztiek primarioen garrantzia azpimarratu dute eta, "parte-hartze zabalari eta eztabaida demokratikoari" dagokienez, euskal sozialistek gainerako alderdiei "bidea zabaldu" dietela gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Idoia Mendia albisteak