Politika -
Barne-hauteskundeak
5.351 alderdikide eta hautagai bakarra, Idoia Mendia
Alderdiko idazkari nagusi berria aukeratuko dute PSE-EEko afiliatuek astearte honetan. Bozketa 70 hauteslekutan egingo dute 10:00etatik 20:00etara arte.
Erredakzioa
PSE-EEko idazkari nagusi berria aukeratuko dute 5.351 alderdikidek astearte honetan. Patxi Lopez ordezkatzeko hautagai bakarra aurkeztu da: Idoia Mendia.
PSE-EEk barne-hauteskundeak egingo ditu astearte honetan eta afiliatu guztiek alderdiko buruzagia aukeratu ahal izango dute, alderdi sozialistak jakitera eman duenez.
Idoia Mendia Cueva hautagai bakarra aukeratzeko bozketa 70 hauteslekutan (9 Araban, 29 Gipuzkoan eta 42 Bizkaian) egingo dute. Hautestontziak 10:00etatik 20:00etara arte zabalik egongo dira.
Era berean, hiru lurralde historikoetako PSEren idazkari nagusiak aukeratuko dituzte sozialistek astearte honetan, eta baita PSE-EEren Ezohiko Kongresura irailaren 20an eta 21ean joango diren ordezkariak ere.
Parte-hartze datuak 14:00etan eta 18:00etan jakitera emango dituzte. 21:00ak aldera bozketaren behin behineko emaitzak jakinaraztea espero da.
Batasuna
PSE-EE bat eginda egon da astelehenean, Euskadiko eta hiru lurraldeetako (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba) idazkari nagusiak aukeratzeko bozketaren bezperan.
Rodolfo Ares Antolakuntzako idazkari eta primarioen batzordeko arduraduna Bilbon bildu da bost hautagaiekin: Idoia Mendia PSE-EEren buru izateko hautagaia (bakarra), eta Iñaki Arriola (Gipuzkoa), Mikel Torres eta Iñaki Egaña (Bizkaia) eta Ivan Ruiz de Eguilar eta Cristina Gonzalez (Araba) lurraldeetako hautagaiak.
PSE-EEren ohar baten arabera, hautagai guztiek primarioen garrantzia azpimarratu dute eta, "parte hartze zabalari eta eztabaida demokratikoari" dagokienez, euskal sozialistek gainerako alderdiei "bidea zabaldu" dietela gaineratu dute.
Rosa Fresno
Bestalde, Rosa Fresno Arabar Errioxako PSE-EEren idazkari nagusiak Patxi Lopez ordezkatuko du, buruzagi sozialistak Eusko Legebiltzarra uztea erabakitzen baldin badu.
Madrilen, PSOEko Ekintza Politikoaren idazkaria izateko erabakia har dezake Lopezek datozen egunetan, zerrendaren arabera, Jesus Lozak hartuko luke haren tokia.