Politika -

'V' erraldoia

Erabakitzeko eskubidearen aldeko beste Diada historiko bat Katalunian

Kataluniako Asanblada Nazionalak hautestontziak jartzera deitu du Artur Mas. Azaroaren 9an 16 urte beteko dituen neska gazte batek botoa eman du, sinbolikoki.

Ehunka mila lagun kalera atera dira V erraldoi bat irudikatzeko

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka mila pertsonek parte hartu dute ostegun honetan Bartzelonan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko ‘V’ itxurako manifestazioan. 1,8 milioi izan dira, Bartzelonako udaltzainen arabera; 470.000 eta 520.000 artean, berriz, Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzak esan duenez. Milioi erdi pertsonek baino gehiagok eman zuten izena, antolatzaileek (ANC eta Omnium Kulturala) adierazi zutenez.

Diada V Galeria EFE

Aurreikusita zegoen moduan, ‘V’ erraldoia 17:14ean osatu dute, gaur 300 urte Bartzelona Ondorengo Gerran erori zen data gogoratuta. ‘V’ erraldoiak Gloriseseko plazan izan du erpina, eta 11 kilometro izan ditu; guztira, 73 tartetan, batzuk Diagonalean eta besteak Kale Nagusian.  Glorieseko plaza, Kale Nagusiak eta Diagonalak bat egiten duten lekua, ‘V’ formako ‘senyera’ren elkargunea izan da. Leloa, honako hau: "Azaroaren 9an bozkatuko dugu, azaroaren 9an irabaziko dugu". Manifestazioak gorriz eta horiz koloreztatu ditu Bartzelonako kaleak, eta esteladak ekitaldiko protagonista nagusiak izan dira. Eguzkiak gogor jo du, 25 gradutik gorako tenperaturekin.

Diada V Galeria EFE

Azaroaren 9an 16 urte egingo dituen gazte batek era sinbolikoan boto bat sartu du hautestontzi batean, ‘V’ forman zeuden pertsonek osatutako erpinean. Guztira, 947 hautestontzi sinboliko jarri dituzte, bat udalerri bakoitzeko.

Diada EITB

Glorieseko plazan, hainbat abesbatzek "Ara es l'hora" (Orain da unea) kantua abestu dute, Lluís Llach kantautoreak pianoan lagunduta. "Cant de la Senyera" (Senyeraren Kantua) ere interpretatu dute. Halaber, Peret Kataluniako rumbaren aita manifestazioko une baten protagonista izan da, 'Gitana Hechicera' abestiarekin, baina era independentistan: "Catalunya es poderosa, Catalunya té molt poder". Kataluniako Batzorde Nazionalak eta Omnium Kultural erakundeak antolatutako manifestaziora CiU, ERC, ICV, EUiA eta CUP alderdietako buruak joan dira. Manifestaldiko erpinean Frances Homs Presidentetzako kontseilaria, Ferran Mascarell kulturakoa eta Xabier Trias Bartzelonako alkatea izan dira.

Kataluniaren independentziaren aldeko aldarrikapena jai giroan izan da, musikarekin eta castellersekin. Kataluniako Batzorde Nazionala eta Omnium Kulturala Carme Forcadell Kataluniako Batzorde Nazionaleko presidenteak Artur Mas Generalitateko presidenteari hautestontziak jartzeko eskaera egin dio, azaroaren 9an kontsulta egin ahal izan dadin: "Bozkatu eta irabazi egingo dugu". Forcadellek ordezkari politikoei "bozkatu dien herriarekin duinak izatea" eskatu die eta era bateratuan jardutea, kontsulta egitea bermatzeko. "300 urte geroago hiria eta herrialdea berreskuratu dugu", nabarmendu du Forcadellek. Halaber, azaroaren 9an katalanek beste ‘V’ bat egingo dutela esan du: "ez da ostegun honetako bezalako manifestazio bat izango, bozkatu, nahia eta garaipena hitzaren ‘V’ letra baizik".

Bestalde, Muriel Casals Omnium Kulturaleko presidenteak honako hitzok esan ditu: "Askatasuna ez da negoziagarria". Diadaren ostean, ANCk eta Omniunek batera lan egiten jarraituko dute, eta mobilizazio handi bat iragarri dute, Kataluniako etxe guztietara iritsiko dena, kontsultari ‘bai’ esateko arrazoiak azaltzeko.

Ekitaldia Tarragonan

Bestalde, milaka manifestatzaile bildu dira Tarragonan, azaroaren 9ko kontsultaren aurka eta "adiskidetzearen" alde, "recuperem el seny, recuperem la senyera" lelopean (zentzutasuna berreskuratu dezagun, berreskuratu dezagun ‘senyera’). Tarragonako manifestazioak Kataluniako PPren eta Ciutadansen babesa jaso du, PSCk militanteei joateko aukera eman dien bitartean. Buruzagien artean, Alicia Sanchez-Camacho PPSCko presidentea, Carme Chacon ministro sozialista ohia, Albert Rivera Ciutadanseko presidentea eta Ramon de Veciana Katalunian UPyDko burua izan dira. Halaber, Ciutadansek Albert Riverari eraso egiten saiatu direla salatu du, Bartzelonako Katalunya plazan.

Masek kontsultarako dena prest duela esan du

Goizean, Diada 2014ko ekitaldietan, Artur Mas Kataluniako presidenteak "adostasunerako" eta Diadako iritzi guztiak errespetatzeko deia egin du. Halaber, "guztia prest" duela nabarmendu du, eta kontsulta egiteko "dispositiboa pronto" dagoela gaineratu du, Espainiako Gobernuaren "immobilismoaren" aurrean.

diada eguna 7 artur mas EFE

Rajoyren metafora eta Homsen erantzuna

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak organoak ematea jarri du batasuna eta elkartasuna ematen duten emaitza handien eredutzat. ‘V’ erraldoiari ekin baino lehen, Rajoyk esan du andaluziar batek ahal duela katalan baten bihotzarekin bizi. Geroago, Frances Homs Kataluniako Presidentetzako kontseilariak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari "metaforak" uzteko eskatu dio, "katalanen nahiari bizkarra ez emateko" esan dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Diada azken ordukoa Espainia albisteak