Politika -
Gerra zikina
GALi lotutako polizia bat kargutik kentzeko eskatu du Covitek
'El Pais' egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Jose Maria Larretxea bahitzea egotzita zigortu zuten Jesus Alfredo Gutierrez Argüelles polizia Kataluniako 091 zerbitzuko burua da orain.
Erredakzioa
Covite terrorismoaren biktimen elkarteak Jesus Alfredo Gutierrez Argüelles poliziaburua kargutik kentzeko eskatu dio Espainiako Barne Ministerioari. Gutierrez Argüelles poliziari bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Jose Maria Larretxea Goñi bahitzen saiatzea egotzita.
Coviteren iritziz, "moralaren aurkakoa eta memoriaren kontrako erasoa da" ETAren kontrako gerra zikinagatik zigortutako Jesus Alfredo Gutierrez polizia Espainiako Poliziak Bartzelonan duen 091 zerbitzuko zuzendaria izatea.
Estatu terrorismoarekin lotutako pertsona bat Espainiako Poliziaren baitan lanean egoteak "Estatuko Segurtasun Indarrek egiten duten akatsik gabeko lana" zikintzen du, Coviteren arabera.
Elkarteak ohar bidez iragarri duenez, hedabideen bitartez jakin dute Jesus Alfredo Gutierrez Argüellesek "ardurazko postua" duela Espainiako Poliziaren baitan, nahiz eta 1986an Baionako Auzitegiak ihes eginda epaitu zuen Francisco Jose Lopez Mallin GEO Operazioetarako Talde Bereziko kapitainarekin eta Sebastian Soto eta Jose Maria Rubiorekin batera, Jose Maria Larretxea Goñi bahitzen saiatzeagatik.
GALeko kide izateagatik zigortutako poliziaburua Kataluniako 091 zerbitzuaren arduraduna da orain
El Pais egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, Jose Maria Larretxea Goñi bahitzen saiatzeagatik zigortutako Jesus Alfredo Gutierrez Argüelles poliziaburua Kataluniako 091 zerbitzuaren arduraduna da orain. 2010etik omen dago Espainiako Poliziaren baitan lanean.
Gutierrez Argüelles eta bahiketan nahastutako beste hiru kideak ez ziren epaiketara aurkeztu.
Baionako auzitegiak ihes eginda epaitu zituen lau poliziak 1986ko ekainean, bahiketa saiakeragatik. Dena den, lauretako inork ez du zigorra bete, eta Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen sumarioa 1990ean.